Europako politikoak negu latza izango dugula esaten hasi dira. Negu gorria gorriago bihurtuko ei da hain preziatua den gasaren faltagatik. Ukrainako gerrak munduko egoera sozio-ekonomikoaren ifrentzua erakutsi du: denok gara zaurgarriak kapitalismoaren hatzaparretatik ihes egiten ez badugu.

Kalapita horrek ekarri du produktu askoren garestitze esponentziala. Erregaia, argi-indarra eta gasa dira urbe handietan bizi direnentzako oinarrizko lehengaiak. Eta diodan moduan, gasa da orain barra-barra dabilen gaia.

Arazoa estrukturala duen Europatik dator gomendioa: gasa aurreztu. Europako Batzordeak bertako herrialdeei eremu guztietan gas-kontsumoa urritzea proposatu die, etxeetan zein enpresetan, gastua oso handia izan ez dakien, Errusiak giltza baitu gasaren horniduran. Ez ote da paradoxikoa? Gerrako arerioari gasa erosten diote.

Kontua da aurrezteko erronka hori borondatezkoa izango dela; hots, beste esfortzu bat eskatuko diote biztanleriari, Estatuko gastuak deskalabrurik izan ez dezan. Esfortzu hori partekatua izan beharko litzateke, eta batez ere, irabaziak eta irabaziak izaten dituzten oligopolio ahaltsuek eta enpresek egin beharko lukete, horiek baitira kontsumitzailerik handienak. Beraz, mozkin lotsagarriak irabazten dituenak gehiago ordain dezala, aberastasunaren birbanaketa logikoan.

Bada, amaitu omen da berogailua edota aire egokitua muga barik jartzearena. Laster termostatoari begira pasatuko ditugu neguko egunak, edota Ikeako mantarik berotsuena erosten ahaleginduko gara, mantapean hobeto biziko baikara. Leihoak ere hobetu beharko ditugu, bonbila bereziak erosi, garbigailua eta sukaldeko tresnen erabilpena begi zorrotzekin neurtu.

Hortaz, hasi beharko gara gure energia modu eraginkorrean erabiltzen, eta hein berean, kontsumoa gutxitzen. Horrek erosotasunaren falta ekarriko al du? Bai. Etxe askotan gorriak ikusten dituzte faktura hori ordaindu ahal izateko! Eta bitartean, etorkizuneko irtenbide gisan gastu militarrak gora egingo du. Sasoi argi-ilunetan bizi gara, eta iluntasun hori argitzea garesti aterako zaigu.