Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Lantuan

GAUZAK direna balira (Habanako Gaukaria)-ren harira egindako bideoan Joseba Sarrionandiak zergatik idazten duen arrazoitzen du: komunitate parte bateko sentitzen delako (euskal komunitatekoa ulertu beharko da). Argudio hori jasorik, zergatik idazten duen galde-tzen dio bere buruari Angel Erro poeta zoragarriak Habanako Lorategia bere Berria egunkariko zutabean, biak ere, Euskal Herritik kanpora bizi direla, zehazten du nafarrak. Hauxe da, ironikoa beharbada, Erroren erantzuna: gay delako idazten du. Maddi Ane Txoperena kazetari eta idazle lapurtarrak Sarrionandiaren argudioa jaso eta euskal komunitatearen parte sentitzen dela aipa-tzen zuen Larrepetit zutabean.

Aspaldi da ez niola galdera egiten nire buruari. Sarrionandia eta Txoperenaren artean falta den belaunaldikoa naizenez, Tropelekoak bezala ezagutzen gaituzte, ausartuko naiz neu ere galdera erantzuten eta, aitortuko dut idatzi, gay naizelako idazten dudala, Errok bezala. Euskara, iruditzen zait, aukera naturala izan zen Arbizukoa izanda.

Kontua da euskaraz idazteak euskal komunitatekoa egiten nauen, zer idazteak ez nau gay komunitateko egiten, bestela baizik, gaytasunaren zauria (honezkero ez da ez eta orbain e!) arintzeko hasi nintzen idazten, jakinik, nire (ustezko) euskal komunitateko askok (ez denak) ez nindutela ain-tzat hartuko edo arraro egingo nintzaiela. Dena dela, behin idazten hasita, ondokoa bizio ezin utzizko bilakatu da.

Euskal sistema literarioan gauzak nola garatu diren ikusita, Tropelekoa izanda behin baino gehiagotan galdetuko diot nire buruari zergatik ez nintzen gazteleraz idazten hasi, eta, jada ez zait horren harrigarria egiten zergatik ez dudan gazteleraz idazten galde diezadaten, berdin arinduko baitzidan gaytasuna.

Kontua da euskal komunitatearen baitan dagoen eta harekin txirikordatuta dagoen sistema literarioa gero itogarriagoa iruditzen zaidala, eta, etorkizunik ezean, gero eta gehiagotan iruditzen zaidala alferrik ari naizela. Miresmenez gogora-tzen dut Jokin Muñoz zeinak egun batetik bestera utzi baitzion idazteari, eta diotenez, ederki bizi baita. Ez dut adorerik. Horretan ere ez.