Síguenos en redes sociales:

Hitza geratzen zait

Hitza geratzen zait

Bihar lako egun baten, 1916ko Martxoaren 15ean Bilbon jaio zen Blas de Otero, eta bere poesiak, ezbairik gabe, gaurkotasuna dute. Ezaguna dugu Paco Ibañezi sarritan kantatzen entzun diogun Me queda la palabra, Blas de Oteroren olerkia.

Blas de Oteroren poesia, bere bizitzaren istorioa da: pozak eta atsekabeak, edertasuna eta malkoak, sinesmena eta sinesgaiztasuna, itxaropena eta etsipena, beti gizateriaren eta justiziaren defentsan, eta poesia protesta arma gisa, hitzen indarrekiko konpromisoarekin.

Literaturako nobel sarirako hautatua izan zen, eta Albert Camus nobel saridunaren hausnarketa Bilboko poetari ondotxo egokitzen zaio: “Etorkizunarekiko benetako eskuzabaltasuna orainaldian dena ematean datza”. Eta bizitza baten ondoren, poeta hilda dagoenean, bere lanaren aitortza iraunkorra geratuko zaio.

Hala zioen berak: “Bizia galdu badut, denbora, dena, eraztuna legez, uretara jaurti dudana, sasitzan ahotsa galdu badut, hitza geratzen zait. Egarria jasan badut, gosea, dena nirea zena, ta ezerezean geratu dena, isilunean itzalak moztu baditut, hitza geratzen zait. Ezpainak ireki baditut, nire aberriaren aurpegi garbia ta izugarria ikusi asmoz, urratu arte ezpainak ireki baditut, hitza geratzen zait.

Blas de Otero, kontzientzi sozialean konprometitutako poeta dugu, Gabriel Celaya eta Gabriel Arestirekin batera hirukotea osatuz. Familia aberats batean jaioa, 1929ko burtsaren krisiak umezurtz utzi zuen nerabezaroan. Madrilera joan ondoren, bere familiak finantza-krisi larria jasan zuen.

Hiru urte zaharragoa zen anaiaren heriotza goiztiarrak, aitaren heriotzak eta aitaren finantza-hondamendiak bere bizitza hankaz gora jarri zuten. Zuzenbidea ikasi zuen eta familiari laguntzeko metalurgia-enpresa batean, abokatu gisa, egin zuen lan, nahiz eta berak “desbideratze profesionala” zela zioen. “Osaba aberats batek lagundu zigun, baina nik ere aspertu nintzen eskola partikularrak emateaz”.

Filosofia eta literatura ikasi eta bere benetako nortasunera itzuli zen, poesia bere terapia eta bizitzako lanbide bihurtuz. Aktiboki parte hartu zuen gizarte eta politika-bizitzan eta bere poesiak kontzientziak astindu zituen.

“Kantika Espirituala” deritzon lehen liburu intimoan, bere barne-aurkikuntzan murgiltzen da, san Joan Gurutzeko poeta mistikoari erreferentzia eginez eta bere irrika erlijioso eta espirituala agerian utziz. “Eman iezadazu gau bat bakarrik, izarrez betetako gau bat, eta olatua hautsiko dut eta iltzerik gabeko irrika arraun egingo du itsaso argiztatu horretan”.

Baina lasterrera, hondamen existentzial bat jasan eta etengabeko gainbeheraren aurrean, ezarritako erlijio-ordenarekiko frustrazioa eta sinesgaiztasuna bideratu zituen. Beraz, bere poesiak beste norabide bat hartuko zuen, sozialagoa eta borrokalariagoa.

Bidaia zabal honetan, Frantziara joan zen, pare bat urtez bizi izan zen bertan eta beste hiru urte emango zituen Kuban, baina depresioaren sintomak bizitza osorako lagundu zion.

“Hemen duzue, abestian eta ariman, maite, bizi, barruan hil zen gizon hura, eta egun eder batean kalera jaitsi zen, orduan ulertu eta bere bertso guztiak urratu zituen, horrela da, horrela izan zen…”

Justizia eskatzeak espetxeratzea edo erbesteratzea ekarri nahi bazuen ere, isiltasuna gorrotatuko zuen eta bere hitza ozen eta garbi mantenduz, bakea eta hitzaren aldarria egingo zuen eta egun gurekin geratzen den bere hitza, hilez geroztik ere ez da sastrakan galdu.

Madrilen hil zen 1979an : “Hiltzen banaiz, jakin dezatela bizi izan naizela, bizitzaren eta bakearen alde borrokatuz, ia ez naiz gai izan nire luma erabiltzeko, txalotu nire abestia”.

Beraz, bere lan hilezkorra, bizitzaren eta heriotzaren arteko borroka da, beste guztia soberan dago. “Kateen hego handiko aingerua… bizitzea gori-gori bihurtu baita… bizitzea diot idazten dudanetik ezer geratuko ez balitz bezala, idaztea haize iheskorra baita, bizitzea diot, haserre hiltzea”.

Eta gaur, orainaldian eta etorkizunerako ere, haren hitzak geratzen zaizkigu eta geure buruari galdetzen diogu zer esaten dizkion hitz horiek nolabaiteko pobrezia moral eta konpromiso faltarekin eta konformismo hutsean dagoen gizarte honi.

Garai hauetan, inoiz baino gehiago eskatu beharko genuke bakea eta elkarrizketa. Eta kontuan hartu beharko genuke gure “laissez-faire” jarrera, eta gauzak gerta daitezen dugun uzte hori. Blas poetak ere, Bertolt Brechtek aurretik egin zuen modu berean ohartarazi zigun. “Deituko naute, denoi deituko gaituzte, zu, eta zu, eta ni, txandaka egingo dugu, kristalezko tornuetan, heriotzaren aurretik. Eta agerian utziko zaituzte, denok agerian utziko dugu geure burua bala batek txikitzeko –zap!–. Badakizu ondo. Etorriko dira. Zuregatik, zuregatik, niregatik, guztiongatik. Eta zuregatik ere bai. Hemen, Jainkoa ere ez dago salbu”.

“Dei” horrek guztioi eragiten digu, nahiz eta ez dakigun, oihaneko legearen basakeria nagusi dugun garai honetan eta indarraren erakusketan ari zaizkigun horientzat hitzek zenbaterainoko balioa duten.

Poesiaren balio esanguratsuetatik urrun gaude, baina Blas de Oteroren poesiak transzendentzia eta betikotasuna erakusten ditu, eta ohorea da bere bertsoak euskarara ekartzea, musikatzea eta partekatzea, zeren,“Gizatiar poema” izenburua duen haretan, egoki zioen bezala: “Behetik jaiotzen da abestia. Behetik jaiotzen da eta gailurretara igotzen da. Itxita, bere leiho garbiarekin, sufritzen du, edertasunari begira”.

Ederra baita Gabriel Arestiren heriotzean hari eskaini zion poema, Luisi Anselmik euskarara itzulia. “Sekula eta beti defenditu zenuen etxea, gure aberri ttipi… belar-odolezko hau, anaia eta maisu horrek…Gabriel, euskal poesiaren iraultza, isildu, isildu zaitezte denok haren hilobiaren ondoan, norbait zelatan dabil, zuk baztertu zenuen gurutzea eskuan duela, gure gizaldietako etxeak bizirik iraunen du zure hitzean, zeuk irauten duzun gure etxean.