Inoiz baino lotuago gaude eta, aldi berean, bakardadea hedatzen ari dela nabarmentzen dute aldian-aldian egiten diren ikerketek. Eremu publikora jauzi egitea baino ez da behar adin-talde desberdinetako nerabeak zein helduak, elkarren ondoan, nor bere mugikorrari begira nola dagoen ikusteko… Eta gailurik ez duenak ondokoarena begiratzen arituko da irrikaz eta desiraz! Ez dago sasoi bateko komunikaziorik, jolasik, ez eta elkarreraginik ere. Jada ez dago bakean kafe bat hartzerik, otordu bat egiterik zein solasaldirik burutzerik etenik ez duenik. Orain, gaia oso urrun iritsi dela iritzita, ondorio kaltegarriez jabetuta, haur-nerabeei sare-sozialetarako sarbidea debekatu beharraz ari dira.
Nire aburuz, iragarritakoari propaganda-usaina dario, beste ezerena baino gehiago eta, esango nuke, bere horretan, ez dela e(ra)gingarria izango. Sasoi batean, eduki batzuetara hurreratzeko, adina kontrolatzea edota gurasoek baimena eman behar izatea ezarri zen. Kontua da adinarena saihesteko, ia denetan, nahikoa dela adinez nagusia zarela klikatzea; gurasoen kontrola alboratzeko modua ere badago, gehien-gehienetan, erabiltzaile gazteak askoz trebatuago eta hobeto moldatzen direlako gailu elektronikoetan gurasoak baino; web-orriren bat debekatzera iristen direnerako, webgunearen jabea horren murriztailea ez den beste herrialde batera alde eginda dago eta lehengo jarduerari segida ematen dio, berdin antzean.
Hamaika urte arteko umeen % 80k sakelako telefonoa dauka eskura… eta 10 eta 20 urte arteko nerabe-gazteen % 92,5 sare sozialen batean erregistratuta dago. Hala berean, haur zein nerabeen % 5,7k sare sozialen gehiegizko mendekotasuna dute, eta antsietatea, depresioa edota beren buruaz beste egiteko arriskua. Nago arreta jarri beharko genukeela haur eta gazteek zer kontsumitzen duten, bai eta noiz kontsumitzen duten ere. Alabaina, eztabaida haratago eraman beharko genukeela iruditzen zait: zein da helduon jarrera gailu elektronikoen eta sare sozialen aurrean? Horixe delako erabakigarria, gizartean askotariko jokabideak iltzatzera iristen dena. Ez ote gabiltza eskatzen haur eta gazteei gu egiteko prest ez gaudena? Ez ote gabiltza itxurak egiten?
Adinean bainoago, atentzioa sare sozialen diseinuan jarri beharko genukeelakoan nago, horixe delako loturak areagotzeko eta mendekotasuna bilatzeko heldulekua. Dena dela, badakigu sare horien atzealdean interes handiak daudena, horien artean, ekonomikoak, politikoak eta kontrol soziala areagotzekoak. Beraz, debekuaren atzealdean egon daitezkeen intentzio politikoak saihestuta, gizarte orekatuagoa eta osasuntsuagoa bilatzeko asmoz, garrantzitsua da eztabaida lasaia sustatzea eta, aurrera begira, adostasun zabalak jostea.