Euskara da gure bihotza
Foruen galerari erantzuteko asmoz, Nafarroako Euskal Elkargoak antolaturiko lehenengo Lore Jokoetan Felipe Arrese Beitiaren olerki bat saritu zuten. Poemaren ardatza euskara da. Desagertzeko bidean antzematen zuen euskara eta agur antzeko bat eskaini zion gure hizkuntzari. Bistan denez, poema, garai hartako giroan kokatzea garrantzitsua da, besteak beste, foruak galtzeaz batera, bazterrotan, halako etsipena zabalduta baitzegoen. Foruak galduta, gure hizkuntzaren gainbehera eta etorkizuna ezbaian ikusten zen. Adierazi behar da urte bat beranduago, Maulen antolatutako Lore Jokoetan, idazle berberak irabazi zuela lehenengo saria, Bizi da ama euskera izenburutzat daukan poema epikoa tarteko dela. Beraz, denbora laburrean, etsipena astindu eta are erakargarriagoa zen mezua zabaltzeari ekin zion. Idazle horren lanen bilduma argitaratu zen Bilbon, duela 125 urte, Arturo Campion nafar euskaltzainak idatziriko testu bat aurrealdean zuela.
Euskararen Nazioarteko Egunaren kariaz, euskararen hil-kanpaien mezu apokaliptiko, antzu bezain gogaikarriak zabalduz batzuk protagonismo bila ibiltzen dira. Oldarralditik larrialdira jauzika ari dira horiek, jakin arren, diagnostikoa erdipurdikoa dela eta hizkuntza baten biziberritzea, ez eta gainbehera ere, ez dela egun batetik bestera gertatzen den zerbait.
Egunotan, hainbati entzun diot euskararen indarberritzeak garrantzi handiko jauzia egin zuela pasa den mendeko hirurogeiko hamarkadan eta, hogeita hamar urte beranduago, halako lautada batean sartu zela. On egingo liguke gogorarazteak, piztualdi hori gertatu zenean, euskarak ez zuela inolako aitorpen ofizialik, ez legerik, ez eta bitartekorik ere… Gabezia eta ezintasun horiei guztiei askotarikoen arteko adostasunak, kemenak, engaiamenduak eta ilusioak oratu zieten. Horri esker, autogobernua berreskuratu, ofizialtasuna erdietsi eta hainbat lanabes sortu ziren euskara inoizko hiztun eta erabilera eremu gehien izatera eraman duena. Jazotzen dena da piztualdi berri bat aldarrikatzen ari diren batzuk, esanguratsuenak, hamarkadetan, euskararen inguruan ehundutako oinarrizko adostasun politiko eta sozial guztietatik kanpo egon direla… Eta orain artekoak existitu ez balitz bezala oinarrizko adostasun horiek arrakalatu eta berriren berri hastea nahi dutela.
Zer aldatu da indarberritzeak halako ustezko pausaldia izan dezan? Bada, gizartea! Jendartearen osaera -eta areago aldatuko da-, herritarren lehentasunak, euskarak ezagutza zabala izan arren ez dela, oraindik, erabileran jauzia egiteko behar bezainbestekoa eta abar. Nago, ezaugarri berriak dituela gure gizarteak eta ondo irakurtzen jakin behar dugula euskararen biziberritzearekin jarraitzeko… Eta, horretarako, euskara behar dugu are erakargarriago egin, alderdikerietatik urrundu eta askotarikoen artean adostasun berriak eraiki. Euskara bizi dadin, gure bihotzak segi dezan, gaitezen euskaraz bizi!
