Familiako loturek harreman sakonak izatera bultzatu naute Gaztela eta Leonekin. Horiek horrela, urtean hainbat bider hurreratzen naiz paraje horietara. Hamarkadetan, zuzenean ikusi izan dut eremu horien gainbehera, antzeman dut lehen sektorea nola ahuldu den, gizartea zahartu eta biztanleriaren galera zelan bilakatu den… Gazteek landa-eremuak laga eta beste norabait egin behar izan dute jauzi baldin eta bizitza aurrera aterako badute. Hustutako Espainiari buruz egiten dute batzuek berba… Aitzitik, horretaz bainoago, abandonatu den parajeaz eta gizajendeaz hitz egin beharko genuke. Alboratuak izan baitira plan guztietatik. Gizarte-jarduera moteldu eta biztanleak zahartu ahala, ikusi da zerbitzuak eskasten eta urruntzen joan direla, bizimodua are zailago bilakatuz. Gutxi dira, gero eta gutxiago eta ez dira esanguratsuak alderdi gehienentzat, inoiz, manipulatu nahian aritzen den eskuin muturra barne dela.
Suteen kontua ez da klima aldaketaren kontua bakar-bakarrik, nahiz eta hori ere baden, jakina! Nabaria den eta geroz eta eragin zabalagoa duen gertakaria zalantzan jarri nahian ari direnak gorabehera. Utzikeriaren emaitza ere bada! Hiri-eremuetan zein botereguneetan, eremu horien gaineko ikuspegi paternalistaren, erromantikoaren eta inguruko herritarrak lerdoak balira bezala tratatzearen emaitza ere bai! Nagusikeriazko jarrera antzematen da landa-eremuetan egin daitezkeenak eta ezin daitezkeenak arautzen dituzten agintari zein teknikarien artean, mendeetan eginiko lana, erakutsitako sakrifizioa aintzat hartzen ez duena. Izan ere, ez dezagun ahaztu, espazio horiek mendeetan kudeatu eta mantendu dituztenak bertako bizilagunak izan direna.
Artaldeek eta bestelako abereek bazterrak garbitzen zituzten, harik eta ustiapen eredu txikien kopurua murriztu eta eredua erabat aldatu den arte; herritarrek mendiak garbitzen zituzten etxea berotzeko egurra pilatzen zuten bakoitzean edota basoak kudeatzen zituztenean; auzolanean bazterrak txukuntzen zituztenean eta abar. Denbora igaro ahala, geroz eta obligazio gehiago ezartzen joan gara, Europatik zein bestelako herri-erakundeetatik, berez zaila zen bizimodua are zailago bilakatuz, oztopo bati beste obligazio bat gehituz, behaztopa egiteraino… Eta, orain, lehen sektoreari segida emateko arazoak dauzkagu, gero eta gehiago.
Klima aldaketari buruz askotan egin da berba, baina abandonatutako Espainian geroz eta gutxiago inbertitu da zerbitzuetan, bai eta prebentzioan ere. Ondorioz, landa-eremura itzuli bat egitea baino ez da behar mendiak nola dauden ikusteko: inoizko sasi eta erregai gehiago pilatzen ari da, sute gehiago eta larriagoak elikatuko dituztenak. Horren aurrean, izango da jabeei, gehien-gehienak txikiak, obligazio berriak ezartzearen eta erantzukizunak gainetik kentzearen alde azalduko direnak. Alperreko ahalegina da hori, besteak beste, jabeen profila zein den ikusita! Gaur eta hemen, begirada da aldatu behar dena, landa-eremuan bizi direnei entzunez, kontuan hartuz eta lankidetzan jardunez.