Sarraskia gelditu!
Munduan barrena suertatzen ari diren askotariko sarraskien aurrean, harrigarri suertatzen zait gizatalde batzuen jarrera. Izan ere, bazterrotan, Ukraina erasotzen diharduen Errusiaren jarrerarekiko otzantasuna edota erasoa jasaten ari den lurraldearen kontrako jarrera antzeman daiteke. Hala berean, duela bi urte Israeli eraso egin zion Hamas talde terroristarekiko abegikortasun mezuak eta jarrerak ere ikusi izan ditugu. Halakoekin, zein uneoro gure kaleetan ikusten ditugunekin, antzeman daiteke dagoen arrakala gizarte demokratiko batean oinarrizkoak diren printzipio etiko eta moralekiko.
Azpimarragarria da, Israelen sarraskia salatzeko, milaka eta milaka lagunen elkartasun jarrera baliatu nahian, Espainiako Vuelta errementatzeko gutxiengo baten saiakera babestu izana. Deserosotasunak sortu behar omen dira. Nori baina? Vuelta era baketsuan ikusten dihardutenei? Israelen sarraskia salatzen ari direnei? Deserosotasunak ez ote zaizkio Israeli berari sorrarazi behar? Pauso bat haratago ematea komeni omen da, erakunde zein bestelakoen jarrera nahikoa ez delakoan. Argudioa hori bada, pentsatzekoa da Vueltan eragindakoak eragingo duela Israelen jarreran. Ez dut uste!
Nago Israelek eskuak nahikoa libre dituela eta ez duela jarreraz aldatuko, herritarren kontrako jarrerak gorabehera. Palestinarrak abandonatuak izan dira, iraganean bezala orain ere bai. Abandonatuak izan ziren Palestina zatitzea erabaki zenean, besteak beste, lehenagotik zetorren okupazioari beste indar bat eman zitzaiolako eta, urteak igaro ahala, egoerak okerrera baino ez du egin. Abandonatuak lurralde arabiarren aldetik, non bakoitzak bere interesak eta aliantzak aldeztu dituen. Europak albo batera laga ditu, lurralde okupatuak bonbardatzeko armak Israeli saltzen dizkion bitartean eta erasotzailearekiko harremanak zalantzan jarri baino indartzen dituenean. AEBek bizkarra eman dio Palestinaren kontuari eta sarraskiaren konplize bilakatu da.
Israelek ez zuen tamainako erasorik egingo eta denboran horren luzaroan eutsiko nazioarteak jarrera argiagoa eta irmoa erakutsi izan balu… Eta ez dut uste, iritsi den puntura iritsita, atzera egingo duenik, nazioarteko lurralde gehienen epeltasuna, hoztasuna, otzantasuna zein konplizitatea desagertzen ez bada.
Azkenaldion, oihanaren, indartsuenaren legea da nazioartean nagusitzen ari dena, Nazio Batuen Erakundea zein bestelakoak ahultzeko urratsak egiten ari diren bitartean. Izan ere, boteretsuek ez dute nazioarteko erakundeek esku-hartzerik nahi, alderantziz baizik… eta, nago, nazioarteko iritzi publikoak ere gero eta urrunago ikusten duela kontua, nazioartean suertatzen ari den gatazka eta sarraski bakoitzari beste bat gainjartzen zaiolako ia berehalakoan. Jarrera koherenteak, argiak eta sendoak behar dira guztion aldetik, sarraski hau zein bestelakoak gainditzeko urratsak egingo badira, bestela itxurakerietan ari gara!