Etxebizitza bat lortzeko zailtasunak direla eta, kezka zabaltzen ari da. Halakoetan, izaten dira etxejabeak egoeraren erantzule egiten dituztenak eta, usteko espekulatzaile eta arimarik gabekoei, ahal diren traba gehien jartzearen alde azaltzen direnak. Nago, politika publikoak diseinatzen eta abian jartzen direnean, etengabeko lana dela aztertzea hartutako erabakiak eragingarriak izan eta izaten ari diren eta lorkizun direnetara hurreratzen laguntzen ote duten. Errealitatearen aurrean begiak itxi ditzakegu; polemika antzuetan indarrak galdu; lagun hurkoa erantzule egin, larrutu eta plaza publikoan erre; populismoaren uretan murgildu; demagogia merkea baliatuta airean gazteluak eraiki… baina horrek guztiak ez ditu etxebizitza gehiago eraikitzea ahalbidetuko, ez eta etxebizitzen prezioa merkatuko ere.
Ezin da etxebizitzaren arazoa onbideratu etxebizitzak eraikitzen dituztenei trabak jarrita eta etsaitzat hartuta, esanak esan, inork ez baitu etxebizitzarik eraikiko baldin eta horrek dirua galtzea badakar; ezin da prozesua bizkortu hainbatetan inolako balio erantsirik ez dakarten urratsak neurririk gabe luzatzen badira; ezin, tokian-tokiko herri erakundeei erraztasunak ematen ez bazaizkie; ezin, lursailak mobilizatzeko aukerak eskaini gabe; ezin, egun dagoen etxebizitzen parkea mobilizatu, etxeen jabeei errenta jasotzeko eta, ordaintzen ez den kasuetan, maizterra, etxebizitzatik kanporatzeko gutxienekoak ezarri gabe eta abar. Ezin da etxebizitzaren arazoari ganoraz heldu, batzuen eskubide subjektiboak beste batzuen, hau da, hurkoaren eskubideen gainean jartzen badira. Edo oreka bilatzen da edo egoerak ez dauka konponbiderik!
Etxebizitza bat baino gehiago dutenak ugariak dira gure artean. Ezagutu ere egiten ditut etxe hutsak okupatu dituzten baten batzuk, oso ezkerrekoak, aldi berean, beren etxebizitza alokairuan jartzen dituztenak… Edo etxegabeen egoera dela eta, sekulakoak esan eta, asteburuetan, Bizkaiko, Gipuzkoako edo Ipar Euskal Herriko kostaldeko herrietara hurreratzen direnak. Izan ere, badakizu irakurle, are errazagoa dela aholkuak ematea, aholku horiek norberak betetzea baino. Antzeko kontuak suertatzen dira, besteak beste, elizan zein medikuak bisitatzen ditugunean!
Horrexegatik, garrantzi handikoa da Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek abian jarritako ekimena, arazoa zuztarretatik heldu eta, ikuspegi orohartzaile batetik, trabak identifikatu eta inertziak mugiarazi nahi ditu eta. Horren aurrean, egongo dira ustezko alternatiba direlakoan, ekimena gutxietsiko dutenak, baina hitzek barik ekimenak egingo ditu etxeak, hitzak haizeak eramaten eta arazoak bere horretan uzten dituen bitartean, orain arte bezala.