Xantaia
Han-hemen irakurtzen ari naizenari kontra eginez, ez dut uste Trump inozoa denik, ez eta hartzen ari den erabakietan noraezean dabilenik ere. Esango nuke eman dituen pausoetan ibilbide-orria garbi dagoela: defizit publikoa murriztea, besteak beste, gastu publikoa albait gehien doituz; bestetik, dolarra ahultzea, beste lurralde batzuekiko lehia baldintza are onuragarriagoetan bideratzeko; muga-zergen bidez kapotik datozen askotariko produktuei gainzama ezartzea, AEBko kontsumitzaileek kanpotik datozen produktuak ahalik eta gutxien eros ditzaten eta, AEBko ekoizpena eta enplegua berrindartzeko, abiaburu izan daitezen. Errezeta garbia da: aberatsenei zergak murrizteko, AEB berrindartzeko eta aberastasuna handitzeko, gainerako guztiak, AEBko herritar ugari barne dela, pobretzea ezinbestekoa da.
Moduak arro, lotsagabe, arlote eta ganorabako batenak izango dira… baina munduan barrena hainbatetan gertatu den bezala, AEBko gainbeheraren etsaiak identifikatu ditu: lurralde guztiak, Trumpen ustez, AEBren kontura aberastu direnak, ezer ez ordaintzearen truk. Inguruabar horretan, atentzioa deitzen du bere sokako eskuin muturreko agintarien otzantasunak, beren lurraldeetan izango duen eraginaren aurrean, bestelakoak erantzule egiten dituztenak. Halakoak entzuten ari dira Europan, Italian edo Hungarian gobernatzen ari direnen… edota gobernatzera iritsi nahi dutenen ahotik, dela Frantzian, dela Espainian.
Europa lozorroan egon da ozeanoaz bestalde zeukan bazkidearen jarrera mugagabea zelakoan. Denborak erakutsi du, modu ezin nabariagoan eta traketsean erakutsi ere, bere segurtasunaren eta ongizatearen zimentarriak ahulak direna. Errusiaren mehatxuei aurre egiteko, ez dauka beste heldulekurik berrarmatzea eta bere segurtasuna parametro berrietan irudikatzea baino. Ekonomiari doakionez, beste horrenbeste. Mundu globalizatu honetan, non lurralde guztiak elkarrekiko lehian dauden, nonahi eta nolanahi eustormak eraikitzen ari dira. Multilateralismoa desagertze bidean da!
Europak birpentsatu beharra dauka bere norabidea, are gehiago askotariko mugimenduak eta interesak daudenean, Europan eta munduan barrena, Europaren Batasunaren proiektuak porrot egin dezan. Europak herrialdeen bateratzea bizkortu eta indartu behar du, burokrazia arinduz, gardentasuna areagotuz, herritarren partaidetza sustatuz, politika publikoen eragingarritasuna sustatuz eta abar eginez. Oker dago egoera hau berehalakoan edo adabakiekin konpon daitekeela uste duenak, bai eta Trumpen igaro osterako erabakiak atzeratzearen alde azaltzen direnak ere. Histeriarik gabe, europar proiektuak jarraitutasuna izan dezan, erabaki sendoak hartzea atzeraezina da!