Datorren astean erabakiko da AEBetako hurrengo presidentea nor izango den. Inkestek iragartzen dutenez, bi hautagaien arteko aldea oso murritza izango da. Gogoan izatekoa da Hillary Clinton demokratak Donald Trump errepublikarrari aldea atera ziola botoetan, ez, ordea, ordezkari kopuruan, eta horren ondorioz, errepublikarren hautagaia izendatu zutela AEBetako presidente. Oraingoan ere antzekoa gerta daiteke. Batzuek esaten dutenaren kontra, ez da garrantzi txikikoa munduko herrialderik boteretsuenaren buruzagia nor den. Hala berean, presidentea ez da guztiz ahalduna, kontrapisuak tarteko direla, Ordezkarien Ganberaren eta Senatuaren osaerak ere guztiz baldintza baitezake presidente izendatzen denaren jarduna.

Esanak esan, bi hautagaiak ez dira ezpal berekoak. Batetik, gutxiengoak arbuiatzen; migratzaileak kriminalizatzen eta jazarri zein kanporatu nahi dituen; aberatsenei zergak arindu nahi dizkien; emakumeak apalarazten; nazioarteko produktuei aurre egiteko, konpetentzia saihestu eta AEBen ekonomia babestu nahi duen, bai eta atzerri politikan, geopolitikaren eremuan, mundua eragin eremuetan banatzeko prest dagoen hautagaia dugu. Beste hautagaiak, berriz, Donald Trumpek gaitzesten duen ia guztia ordezkatzen du: beltza, emakumea, ikasia, erabakiak hartzeko eta erantzukizunak hartzeko gauza den pertsona, hain zuzen. Trumpek ezin du Kamala Harris jasan, emakumea eta beltza delako, baina, batez ere, presidente ohiaren gabeziak, gezurrak, iruzurrak eta bestelakoak agerian uzten gauza delako, eta gainera, bere aburuz Kamala egon beharko lukeen tokian, etxeko sukaldean, ez dagoelako.

Alabaina, Trumpen mezuak oihartzuna dauka aniztasuna mehatxutzat hartzen dutenen artean. Halakoentzat, Trump iruzurgilea izatea, dezakeen guztietan gezurretan aritzea, emakumeak gutxiestea eta jazartzea ez da esanguratsua. Estatuaren eragina behar da nolanahi eta nonahi murriztu, betiere, zaurgarrienen kaltetan eta gehien dutenen mesedetan. Lehenengoak are okerrago bizi daitezen eta bigarrenak, are erosoago jardun dezaten.

Ultraeskuindarrek Trump dute gogoko. Berotegi efektua ukatzen eta klima aldaketari aurre egiteko politiken kontra azaldu delako, neurriz kanpoko hazkundearekin segitu nahi duelako, gaurko gizarte modernoen arazoen iturburu zaurgarrienak hartzen dituelako, migratzaileak deportatu nahi dituelako, Trump bera migratzaileen ondorengoa den arren. Zinez, datorren asteko hauteskundeak garrantzitsuak izango dira, ez, Kamala Harrisek kristalezko sabaia hausteko aukerak izan ditzakeelako, munduaren geroa, aldi baterako, baldintzatuta geratuko delako ere bai.