Beharbada, aspaldikoa naizelako izango da. Sasoi batean, hedabide batzuek goizean zein arratsaldean edizioak ateratzen zituzten eta, halakoen bitartez, herritarrak jazotzen ari zenaz informazioa jasotzeko aukera zuten, nahiz eta halakoetan, informazioa bera ere hala-moduzkoa zen, gaiaren arabera. Oraindik akordatzen naiz irratia egun osoan piztuta egoten zireneko garaiak. Egun, paper euskarrian hedatzen diren hedabideek geroz eta zailtasun handiagoak dituzte, hainbatetan, jendeak berehalako informazio eske aritzen delako eta paperean argitaratutakoa, hainbatetan, ezaguna eta zaharkituta geratzen delako.
Demokraziak askotariko medioen ugaltzea ekarri du, hemen zein kanpoan. Horrek ekarri du nahi duenak aukerak dituela gai berari buruz abiaburu eta ikuspuntu desberdinak alderatzeko. Horretan ere, esanak esan, ezin esan daiteke medioak aseptikoak direnik eta ematen duten informazioa kontrastatua eta erabat egiazkoa denik... Baina libertateak hori dauka, kontsumitzaileek batzuei bizkarra ematea eta beste batzuk kontsumitzea dakarren modu berean, berriaren eta bakoitzaren gogoaren arabera.
Ikuspuntu desberdinak azaltzea kontu bat da, aberasgarria ere bada, notizia bakoitza islatzeko moduarekin bat ez etorri arren. Baina, aspalditik datorren beste joera bat zera da, sasi-edukien sortzaileekin batera ugaritu direla antolatutako taldeak edota norbanakoak anonimotasunaren mantelaren pean, deskalifikazioak, gezurrak, irainak, herra, edozelako komentarioak edota sasi-egiak isurtzen dituztenak. Horiek horrela, izen eta abizenez ezagunak direnen ondoan, ezizenak baliatzen dituztenak ageri dira. Azken hauetako hainbat ezagunak izango dira, horretan egon ziur, baina nahiago dute anonimotasunaren estalpea erabili inolako lotsarik gabe esaten dituztenekiko inolako ondoriorik ez izateko. Eduki sortzaileek, hedabideek zein bestelakoek badute halako jokabideekiko erantzukizunik... Baina, aurrekoak audientzian dauka eragina eta audientziak publizitatearen truke eskura daitezkeenetan.
Halako eztabaida bat plazaratzen denean, badira adierazpen askatasunaren bandera eskuetan darabiltenak. Ni ez naiz inoren adierazpen askatasuna mugatzearen, ez eta are gutxiago ezabatzearen aldeko ere. Eztabaida publikoan eta publikatuan berdintasunez eman behar dira iritzien arteko eztabaidak eta kontrasteak. Alabaina, ez dut uste izen eta abizenak ezkutatzen dituztenak garbi ari direnik, estrategia politiko bat elikatzeko asmoz itzalpean ari direnak ere ez eta, gezurrak zabaltzen eta ondoeza pizten aritzen direnak are gutxiago. Gizartea ondo informatuta egoteko eta ikuspegi desberdinen berri izateko, eskubidea dauka, eta, guztion aldetik horixe da bermatzen saiatu beharrekoa, bereziki, hainbatetan asmatzen ez duten hedabide publikoen aldetik.