Zer hintzen? non hago?
Pasa den urtean, bolo-bolo ibili zen Ertzaintzaren urteurrena, berrogeigarrena omen. Izatez, laurogeiko hamarkadan sortu izan balitz, Europan barrena erabiltzen den Polizia berba erabiliko genukeen eta, ez, Jose Antonio Agirre lehen Lehendakariaren altzoan, Estepan Urkiaga Lauaxetak, Gasteizko hilerriko horman fusilatua izan zenak, berariaz sortu zuen neologismoa, herria eta zaintza hitzak elkarlotzetik datorrena, hain zuzen.
1982. urtean, Ertzaintza berrezarri izana garrantzi handiko gertaera izan zen, gure autogobernuaren habeetako bat berreskuratzea ekarri zuelako. Diktadura igaro berritan, frankismoaren ikurretako bat bilakatu zen polizia baten ondoan, polizia moderno eta demokratiko bat sortzea lehenetsi zen. Ez nekerik gabe, baina! Indarkeriaren zirimolan segitzen zuen gizartearen sektore bat polizia eratu berria polizia frankistarekin parekatzen, deslegitimatzen eta lohitzen saiatu zelako. Ez hori bakarrik! Hainbatetan, ertzainak herrietan seinalatuak, jazarriak eta baztertuak izan ziren. Horiek horrela, harriduraz eta nahigabez hartzen ditut ertzain batzuek azkenaldion erakutsi dituzten jarrerak. Hedabideen aurrean egiten diren agerraldietan pertsona batzuen argazkiak azaltzea, mezu oldarkorrak, mehatxuak, anonimotasuna baliatuta sare sozialetan barreiatzen diren mezuak eta abar ez dira polizia demokratiko baten ezaugarriak, alderantziz baizik. Denak ez du balio, are gutxiago gure segurtasunaren ardura dutenen aldetik badator!
Hitzarmena da hizpide. Nago gure enplegatu publikoen baldintzak behar direla gizartearen aurrean argitasunez azaldu, dagoeneko hartuak dituzten eskubideak eta eskatzen direnak herritarrek balora dezaten aldarrikapen batzuen zilegitasuna, bai eta bideragarritasuna ere. Aldera dezagun hori herritar gehienen lan-baldintzekin eta atera ondorioak! Ez da ulertzen estatuko lan-baldintzarik onenak dituzten enplegatuek estatuko lanordu gehien eta absentismo tasarik altuenak izatea. Autua ez datza geneen kontuan, erantzukizun eta profesionaltasunean baizik. Gainera, egoera hau ez da bera hezkuntzari, Ertzaintzari, osasun sistemari edota administrazio orokorrari buruz hitz egiten dugunean, hor ere aldeak baitira. Enplegatu publikoen multzo batek hobekuntzak eskatzen dituenean, ez dio eragiten kolektibo horri soil-soilik, guztiei baizik, aurrekoetan gertatu den bezala. Halaber, ez dakit neu bizi naizen errealitatetik kanpo diodanean, salbuespenak salbuespen, ezen enplegatu publikoen artean baitira salbuespenak ere, gero eta baliabide ugariagoak behar eta irensten dituen administrazio publiko bat daukagula, aldi berean, gero eta inefizienteagoa eta herritarren zerbitzu bokaziotik aldenduagoa dena.
Pentsatzekoa da enplegatu publikoek azken hamarkadan izan dituzten hobekuntzak ertzainei ere aplikatu zaizkiela. Horiek horrela, bestelakorik planteatzen bada oso ondo justifikatu beharko da, are gehiago urliarekin edo sendiarekin parekidetasunak eskatzen direnean... Baina niretzat kezkagarriena zera da: ez dakit herri erakundeen aurrealdean, halako jarrerak eta portaerak dituztela, mobilizatzen direnak, oldarkor eta mehatxuka azaltzen diren berberak, azken batean, herritarren bizimodua zailtzen dutenak, konturatzen ari diren soinean daramatenari egiten ari diren kalteaz, bai eta galtzen ari diren sinesgarritasunaz ere!