Hogei urte bete dira Prestige petrolio-ontzia bitan zatitu eta hondamendi ekologikoa sorrarazi zuenetik... Gertaera hura hondamendi ekologiko, sozial, ekonomiko eta politiko bilakatu zen, ezbairik gabe. Ingurumenari doakionez, ezagunak zaizkigu orduko irudiak, itsasoa eta kostaldea galipotak gaineztatuta, lohihartzeko zuriz jantzitako milaka lagun inguruak eskuak erabiliz garbitzen, askotariko animaliak eta hegaztiak hiltzen. Gurean, arrantzaleak izan ziren kementsuenak, arrainak arrantzatu ordez, fuel-hondakinak biltzen ahalegindu ziren-eta. Haiei zor zaie, hein handi batean, gure kostaldeari eragindako kaltea horren txikia izatea. Nolanahi ere, urteak igaro arren, itsaso eta kostaldeen hondoan begiratuz gero, petrolio-ontziak lagatako hondar-mondarrak ez dira erabat desegin, sedimentu-geruzen azpian segitzen dutelako.

Alabaina, hondamendia soziala eta ekonomikoa ere izan zen. Itsasbazterreko herritarren bizimodua baldintzatu zuelako, arrantzaleak eta itsaski-biltzaileak lanik gabe laga zituelako eta, aldi batez, Galiziak turistak erakartzeko heldulekurik sendoena galdu zuelako. Triskantza oso merke atera zitzaien petrolio-ontziaren jabeei eta aseguru-konpainiari, kalte-galerei zati iraingarria ordainduz egin zietelako aurre, herri-erakundeen aurrekontuen bizkar geratu zela.

Hondamendi politikoarenak ez dauka izenik. Batetik, argitu barik dago ontzia kostaldetik are gehiago urruntzea nork, nola eta noren irizpenez erabaki zuen, irtenbide horrek, isuria gertatuz gero, hondamendiaren arriskua murriztuko zuelakoan. Alderantziz suertatu zen. Erabaki horrek, denok dakigunez, hondamendia are handiagoa eta zabalagoa izan zedin ekarri zuelako. Era berean, esanguratsua izan zen Aznarren gobernuak hartu zituen erabakiak eta gizarteratutako mezuak, arriskurik ez zegoela azaltzetik garrantzia kentzeraino, errealitatearekin tupust egin zuen arte... Eta orduan ere, gaiari izkina egiten saiatu zen. Horrexegatik, hogei urte geroago, batzuei deseroso suertatzen zaie esandakoa, erabakitakoa eta egindako kudeaketa gogora ekartzea. Izan ere, gaurko belaunaldiei gaiaz galdetuko bagenie, ez dakit erantzuten jakingo luketen. Eskoletako curriculum, gertaerari ez zaio aparteko garrantzirik ematen, mementoz, estatuan gertatutako hondamendi ekologiko handiena izan den arren eta Almeriako Palomaresen gertatutakoa, istripu baten ondorioz, AEBetako hegazkin batetik lau bonba termonuklear erori zirenean, oso atzean uzten duen arren. Almeriako istripuan, bonbek ez zuten eztandarik egin, baina erreakzio kimiko exogeno baten ondorioz, eremu batzuek osagai erradiaktiboz kutsatu jarraitzen dute. Palomaresen Fraga izan zen protagonista, Galizian, berriz, haren oinordeko politikoak, berdin antzean jardun zutenak.