APIRILAREN hasieran, EAEko Hezkuntza Legea idazteko oinarrizko abiaburuak adostu zituzten EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos alderdiek. Ahalegina eskertzekoa da, zinez, are gehiago indarrean dagoen Legeak ia hogeita hamar urte bete dituenean eta, onartu zenetik, gizarteak ez ezik hezkuntza-erkidegoak ere aldaketa esanguratsuak izan dituenean. Akordio horren ondoren, Hezkuntza Legearen aurreproiektua etorri da... eta hara non eztabaida berpiztu den! Hasteko, aitortu behar dut harritu egin nauela, iruzkinak egiteko aukera ireki ostean, horietako hainbat egin direnean, testua hobetu daitekeenean eta Legea onartzeko bidea burutu gabe dagoenean, kritikak eta grebarako deialdia egiteak.

Xehetasunak falta dituela, hezkuntza publikoa sistemaren erdigunean kokatzen ez duela, hizkuntzei eta aniztasunari eman beharreko trataera eta abar dira eztabaidagai. Nago, ordea, norbere interesak, korporatiboak, direla bestelako aldarrikapenekin etengabe nahasten direnak! Lege batek aukerak ireki behar ditu, mugatu ordez. Aukerak, eskola bakoitza kokatuta dagoen errealitateari aldian-aldian erantzuteko, hezkuntza eta hizkuntza proiektu berekien bidez, egokitzen joateko... Lege bat zenbat eta zehatzagoa eta estuagoa, orduan eta kortse itogarriagoa eta biziraupen laburragokoa, horrek dakarren guztia aintzat hartuta. Galdera hauxe da: hezkuntza-erkidegoa, osorik hartuta, prest ote dago aukera horiek baliatzeko eta dezakeena emateko, berari doakion erantzukizuna ere hartuz, etengabe gainontzekoen bizkar utzi beharrean?

Eskolen egoera ez da lehengo bera, titularitatea gorabehera. Eremu erdaldunetan daude batzuk, bestetzuk mistoetan, euskaldunetan beste hainbat... Migrazioak, langabeziak eta abarrek pisu handia duten eremuetan daude horietako hainbat. Beraz, aukera berdintasuna lantzeko bitartekoetan asmatu beharko da, gutxien daukanari are bitarteko gehiago esleituz, bateko gabeziak, bestelako ahaleginekin leuntzen saiatuz.

Harrigarria ere bada sare publikoaren aldeko sektore batek gizarte-ekimenari erakusten dion kontrakotasuna, zenbaitetan herra izaterainokoa, nahiz eta, esaterako, sindikatuen kasuan, “pribatuak” diren sareetan gehiengoa duten. Gure gizarteak eraiki duen sistema indargune, aukera eta ezagutza partekatzeko eremu bihurtu beharko genuke, ez, ahulgune eta mehatxuen habia. Eta azken hori dugu batzuk azaleratzen ari diren beldurra: gizartearen zati esanguratsu batek bestelako sareen aldeko apustua egiten jarraituz gero, noiz eta jaiotze-tasak gainbehera segitzen duenean, ikastetxe batzuk-batzuk itxi behar izatea. Hori, ordea, ez da lehenengo aldia gertatu dena, titularitatea gorabehera. Lehiari bikaintasunez, irakasle eta bestelako profesionalen enganamenduz, hurreko zerbitzu eraginkor eta eragingarria emanez egin behar zaio aurre, inola ez, gizarte-ekimena kimatzeko eta ezabatzeko eginahalak eginez, baten batzuek aldarrikatzen duten bezala.