Bost urte igaro dira Katalunian zailtasunez betetako herri-galdeketa egin zutela, bai eta, ondoren, lurralde horren independentzia aldarrikatu zutela ere, gerora ezerezean geratu zena. Harrezkero, besteak beste, Espainiako Gobernua kolorez aldatu, herri-galdeketa ahalbidetu zuten arduradun politikoak jazarri, abertzaleen arteko lankidetza zartatu eta esparru horretako aitzindaritza ERC alderdiaren eskuetara igaro da. Nolanahi ere, esan daiteke ez dela inolako aurrerabiderik antzeman, nahiz eta Espainiako Gobernua aldatzearekin eta sostengua ematearekin batera, bestelakoa aurreikus zitekeen.

Eskuinak eta eskuin muturrak osaturiko balizko gobernuari ateak ixtea aipatzen da aldi oro, egungo gobernuari sostengua ematearen garrantzia lau haizetara barreiatzeko... Kontua da hauteskundeak lehenago edo geroago izanen direla, herritarrek haien ordezkariak izendatuko dituztela eta eskuinaren txorimaloak ezin duela beti funtzionatu, are gehiago, emandako berba betetzen ez denean. Kontua ez da azken aldian zenbait eskumen eskualdatu direla azpimarratzea... Kontua da eskumen horiek Gernikako Estatutuan jasota daudela eta Espainiako Gobernuak hamarkadak daramatzala bete gabe, eta urratsen bat egiten duenean, zerbaiten truke izan dela, eta ez, ordea, estatutua betetzeko borondatea izan duelako.

Inguruabar honetan, atentzioa deitzen du status berri baten inguruabarrean, alderdi batzuen nabarmenkeria Eusko Legebiltzarrean. Batetik, Espainiako Gobernuko kide diren alderdien aldetik ez da inolako eskaririk edo ahalegin berezirik egiten legeak-eta bideratzean, Euskadiko eta Nafarroako eskumenak errespetatzeko. Bestetik, EAJ alderdia da etengabe ari dena eskumenak aldarrikatzen eta defendatzen, beste batzuen ahalegina ahuntzaren gauerdiko eztula dela. Azkenik, harrigarria da status berriaren inguruan Ezker Abertzalea deitutakoak esaten dituenak... Noranzko horretan, Espainiako Kongresuan, ez eta, aldian-aldian egiten dituen tratuetan ere, ez baitu auzi honi buruz ezertxo ere proposatu, hitzartu, ez eta era irmo batean proposatu ere. Noiz mahairatuko du erabakitzeko eskubidea ezein akordiotara iristeko aurrebaldintza gisa?

Ez al da egia hemen otso eta Madrilen uso dabiltzala batzuk? Madrilen zernahi irensten dutela eta hemen, ostera, adostasunak alboratzen. Nago, hauteskunde-kalkulu hutsagatik gertatzen dela, hemen norgehiagoka nahi delako abertzaleen artean nagusitasuna lortzearren... Katalunian ere antzera gertatu da. ERC alderdiak jarrera irmoagoa zeukan lehen orain baino... Baina orain, berak azaldu behar du zergatik sasoi batean eskatzen zituenak, zergatik ez dituen gaur egun gauzatzen, horretarako gehiengoa izan dezakeen arren. Kontua da helburuen eta tarteko urratsen artean, denaren eta ezerezaren artean beti dagoela errealismo puntu bat, ezin galduzkoa dena. Naturaltasunez onartzea da kontua, desitxuratutako mezuak zabaltzen aritu beharrean! l