Etsipenak, konfiantzarik ezak, asper-asper eginda egoteak eta abar bultzatu dute ezkerreko hainbat herritar etxean geldi daitezen... Bitartean, ernegazioak, prezioen igoerak, datorrenaren aurrean sortu den beldurrak, ezegonkortasunak, bai eta, zenbaiten kasuan, eskuin muturrari dioten miresmenak ere sustatu du hainbatek eskuineko alderdiak, bereziki eskuin muturrekoa, aupatzea. Ez gaitezen itsutu, eskuineko alderdien alde ez dute gehien daukatenek bakarrik egiten, txiroek, daukaten apurra galtzeko beldur direnek ere egiten dute, horietako askok, sasoi batean, eskuinekoak ez ziren alderdiei botoa eman arren!

Eskuin muturraren gorakadari ezin zaio deskalifikazio edota herritarrengandik oso aldenduta dagoen diskurtso hiperideologizatu baten bidez aurre egin. Diskurtso horiek halako nagusikeria erakusteaz gain, ez dutelako eskuinari botoa ematen dioten herritar gehienen profila kontuan hartzen. Ondorioz, sakondu beharko dugu zergatietan eta herritarren kezketan. Akaso, alderdi tradizionalak eta erakundeak dira herritarrengandik aldentzen joan direnak, haien biziraupena lehenetsi dutenak, alegia; beharbada, herritarrek ez dute antzematen alderdien estrategietan herritar gehienen egoerak lehentasunik daukanik eta abar.

Politika behar dugu herritarren kezketara hurreratu, gobernantza-eredu berria sustatuz eta aurrera eramanez. Herritarren artean, ezinegona da nagusi, datorkigunaren aurrean, nonahi beldurra hedatzen ari delarik. Ahalegin guztiak egin behar dira herri-erakundeak, tokian-tokikoak, lurraldekoak zein horien gainetik daudenak, eraginkorrak ez ezik, herritarrengandik gertu eta herritarren zerbitzura daudela erakusteko. Lehenago, Europako erakundeekiko desafekzioa gertatu da, erabakiak hartzeko moduak, lurralde eta pertsonen arteko kohesioan izandako hanka sartzeak, lurralde aberats eta pobreagoen arteko liskarrak arrazoiak izanik... Antzeko kontuak suertatzen ari dira estatuez ari garenean. Hurreko erakundeak eta politikak dira lehenetsi beharrekoak, pertsonak politikaren ardatz hartzen dituztenak.