Egunotan beroa jasangaitza egin zaigu, besteak beste, inguruotan ez gaudelako halako beroaldi luzetara batere ohituta... baina itxarotekoa da etorkizunean jasan beharko ditugun beroaldiak, bai eta zaparraldiak ere ugaritu egingo direla. Sortu gintuen lurrari eragiten ari gatzaizkion aldaketaren emaitza da hori, bestelako gertakariekin lotuta datorrena: sikate gero eta hedatuagoak eta luzeagoak, izurriteen ugaritzea, ozeanoen maila igotzea, espezien desagerpena eta abar. Iraganean, lurrak aldaketa klimatikoei buelta emateko edota horietara egokitzeko, denbora luzea behar zuen, baina orain, aldaketak horren bizkor suertatzen ari dira, non egoera berrietara egokitzeko apenas denborarik dagoen, horrek dakarren guztiarekin.

Hondamendia da gainera datorrena, eta larriagotu egingo da neurriak bizkor hartu eta abian jarri ezean. Halakoei buruz ari garenean, badira gure bizitza laburra dela eta, erabakiak hartzea eta gauzatzea gerorako, geroko belaunaldien esku uzteko jarrera erakusten duena. Nolanahi ere, gure espeziearen eragina horren da handia eta zabala, non orain arte eragindakoaren eragina hamarkada luzetan ikusiko dugun. Edozein gisaz, ezbairik gabe, neurriak albait arinen hartzen ez baditugu, egoerak okerrera egingo du etorkizun hurbilean!

Trantsizio klimatikoa da guztion ahotan dagoen kontzeptua, bereziki berotegi efektua eragiten duten erregai fosilen erabilera murriztearekin lotuta datorrena... Baina larrialdia harago doa, espazio naturalen eta espezien desagerpena etenik ez daukan kontua da eta. Biodibertsitateari doakionez, inoizko espezie galerarik handiena ari da suertatzen, eta hori guztia, hondamendia eragiten ari den espeziea beste aldera begira dagoen bitartean. Izan ere, aurreratuak direla dioten lurraldeek ez dituzte haien bizi-baldintzei uko egin nahi eta garapen bidean dauden askok, hondamendia eragin dutenen bizi-baldintzetara albait arinen iristeko ahaleginetan ari dira.

Krisi klimatikoak beste albo-kalte batzuk ere eragingo ditu. Batetik, elikagaiak ekoizteko ahalmena murriztuko delako, besteak beste, zerealak ekoizteko lur-azalera murrizten eta eskasten joango delako, horrek desberdintasunak areagotu eta gosetea hedatuko duela bazterrotan. Klimak zein goseak migrazio mugimenduak indartuko ditu, lurralde aberatsagoetara iristeko joera areagotuz eta krisi humanitarioa indartuz... eta hori guztia gutxi balitz, ura bihurtuko da etorkizun hurbilean geroz eta lehengai eskasagoa, bai eta borrokarako arrazoi ere... Azken finean, gizateria bere buruaz beste egiten ari da, pertsonak bizi diren mundua zaintzeko ardurarik ez duelako hartu, nahierara, lurra agortezina balitz bezala erabili duelako eta hondamendira daramaten portaerak aldarazi nahi ez dituelako.