Batzuen aldetik badago egon iraganean gertatutakoari albait arinen lurra emateko eta, iraganeko eta gainditutako kontuak bailiran, azpimarratzeko ekina. Gehienez ere, gertaera lazgarriak aipatzen direnean, okerkeria are gogorragoak aipatuko dituenik izango da, horrek, nolabait, balantza orekatuko duelakoan. II. Errepublikak bere gabeziak eta ezinak izanen zituen, Errepublikaren itzalpean ari baitziren Errepublika bera suntsitu eta bestelako erregimen totalitarioa ezarri nahi zuten ezker muturreko taldeak... Baina horrek ez du inolaz ere justifikatzen zenbait militar oldartu izana, ez eta, desberdin pentsatzen zutenak akaba-tzeko asmoz, antolatu zuten jazarpen sistematikoa ere, estatuaren ertz guztiak hartu zituena.

Nire ustez, gehiegi goretsi da trantsizioaren autua, berdinkideen arteko adiskidetasunezko kontua balitz bezala. Nago diktadurak irteera eman nahi izan ziela egindako gehiegikeriei eta berak ezarri zuela inpunitatea iltzatzea aro berrian. Ondorioz, ia maila berean jarri ziren diktaduraren aurka borrokatu zirenak eta diktadura ahalbidetu, sostengatu, hura baliatuz aberastu eta askotariko pertsonak akabatzearen inguruabarrean erantzukizuna izan zutenak. Nago gizarteak ikuspegi kritikoz aztertu behar dituela II. Errepublikaz geroztik gertatu zirenak, trantsizioa bera barne dela. Inolako zuribiderik baliatu eta inor justifikatzen aritu gabe, argitu gabe segitzen dutenak baitaude, justizia eske ari diren senide eta oinordekoak ere baitaude.

Onartzeko bidean dagoen lege berriaren edukiaren harira, eskuineko alderdiak asaldatu dira eta azpimarratu dute lege berriaren edukia EH Bilduri esker atera dela aurrera. Mundu guztiak daki alderdi horren babesarekin soilik lege berriak ez daukala aurrera egiterik... baina ezker abertzaleak iraganean erakutsi duen jarrera eta indarkeriari eman dion babesa erabili nahi dira legearen oinarriak auzitan jarri ahal izateko. Iruditzen zait diktaduraren aldia eta diktadorea hil osteko aldia ezin direla parametro berdinen arabera aztertu. Are gutxiago, estatuko barrunbeetatik sustatutako gehiegikeriak bestelako izugarrikeriak orekatzeko baliatu, behin eta berriz inguru batzuetatik aipatzen denaren harian.

Gure gizarteak ere badauka oroimenaren norabidean lan egin beharra, hainbatetan deseroso gertatzen zaigun arren, inguruan baitauzkagu ETAren indarkeria sostengatu, babestu, hauspotu eta/edo indarkeriaz jokatu zuten pertsonak... Egun batetik bestera gaiarekin zer ikusirik izan ez dutelakoan aritzen direnak. Halakoei entzun behar diegu ETAk hiltzeari eta pertsonak jazartzeari utzi ziola haien ahaleginari esker, eta eskertuta egon behar dugula... Biolen-tziak horrenbeste urtetan irautearen atzealdean izan duten erantzukizuna saihestu guran ari dira, gaia alboratzeko orduan ezinbesteko hausnarketa etiko eta moralik egin ez dutelarik, eta horren emaitzaz, taldexkek diraute hainbat herritan, sasoi bateko biolen-tziaren eta inposizioaren jarraitzaile sutsu.