Mesa de Redacción

Aporofobia eta bestelakoak

14.02.2021 | 01:13
Aporofobia eta bestelakoak

Maria Rosario Endrinal nor izan zen jakin gabe irakurri nuen iaz Herman Koch idazle holandarraren Afaria. Liburuan bikote bik haien semeen etorkizunaren inguruan hausnartzen dute kutxazain batean lo dagoen etxegabe bat bizirik erre dutela jakin ostean. Egundoko arrakasta izan zuen obrak gurasoengan planteatzen dituen dilema moralen indarragatik, eta, ondorioz, zinemarako egokitzapena ere egin zuten Richard Gere edo Laura Linney bezalako aktoreen eskutik. Oihartzun horretan arakatzen nengoela ohartu nintzen eleberria 2005ean Bartzelonan gertaturako homizidio baten inspiratuta zegoela. Orduan hiru gaztek –euretako bat adingabea– Sarrià-Sant Gervasi auzoko kutxazain batean babestuta zegoen Maria Rosario Endrinal disolbatzaileaz busti zuten, zigarro-punta bat bota baino lehen. Bigarren eta hirugarren mailako erredurekin hil zen. Gizartea astindu ondoren berriz jazotzen ez diren gertakari horietakoa zela pentsatu nuen, antzeratzeko baino errepikaezinak diren erailketa eredugarriak egongo balira bezala. Baina asteazkenean Raval auzoan gertatutakoak parekotasun gehiegi ditu. Estetika neonazidun hiru gazte erakunde sozial baten atarian lo zegoen gizon bat erretzen saiatu ziren gasolina isuriz. Zorionez, erakundeko langile batek erasoa gelditu ahal izan zuen. Gaur katalanen esku dago aporofobia eta bestelako jarrera baztertzaileak legitimatzen dituztenak hemiziklo demokratikotik kanpo uztea. Ez dezatela Maria Rosario Endrinal ahaztu.

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia