OAN den asteburuan, Kanaria Handiako Las Palmas hirian Saharar Herriarekiko Laguntza eta Elkartasunerako Europako Konferentziaren 45º edizioa ospatu zen. Urtero Task Force GKEak antolatutako nazioarteko ekintza da, normalean ingelesezko siglez ezaguna: Eucoco. Lehen mailako eztabaida politikorako foroa da. Bertan, mundu osoko eragileek hartzen dute parte, Saharako errealitateari heltzeko, gai zehatzak eta gaurkotasunekoak jorratzen dituzten lan-tailerren bidez. Urte honetakoak 4 izan dira: Politika eta Komunikazioa, Giza Eskubideak, Saharako Estatua sendotzea eta Baliabide naturalak. Lan-tailer bakoitzaren ondorioak osoko bilkurara eramaten dira. Gero, garatu beharreko lehentasunak eta helburuak hurrengorarte adierazten dituen konferentziaren Azken Adierazpen delakoari erantsi zaizkio.

Eucocoren hainbat ediziotan parte hartzeko aukera eta ohorea izan ditut bai EAJren Madrilgo talde parlamentarioa ordezkatuz bai modu pertsonalean legelari gisa. Horietan guztietan, baita jardunaldi akademiko eta politiko askotan baita Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetara egindako bisitetan ere, bertatik bertara, Saharako gatazkari dagokionez, Euskadiko zein Nafarroako gizartearen eta erakundeen aspalditik etorritako egundoko inplikazioa ikusi ahal izan dut eta, holako jarreragatik, saharar herriak egindako errekonozimendu zintzoa ere. Dena den, aurtengo giroa bai ezezaguna izan da: covid-19 delakoaren krisipean, Fronte Polisario eta Marokoen arteko su-etena hautsi ondoren -armada marokoarra errudun- gerrara itzultzea, Sahara okupatuan bizi diren sahararren aurkako errepresioa bortizki areagotzea... Baita Europako Auzitegi Gorenaren azken epaiekin ere, UE eta Maroko arteko arrantzaren eta beste baliabide naturalen arloan egindako akordioak baliogabetuz eta Mendebaldeko Sahararen okupaizoa espresiki salatuz. Tira, 2021' Eucocoren Azken Adierazpenak azpimarratzen duen bezala: ezin da indarraren eskubidea zuzenbidearen indarraren gainetik jarri.

Orain eta beti, Sahara aske!