Nire aitona Espainiako Errege Emeritua baina gazteago hil zen. Errege Emerituaren kezketako bat, aditzera eman denez, hiltzen denean zer nolako agurra egingo ote zaion zehaztea omen. Hau jakitean, ezin aitonaz gogoratzea ekidin. Ezta Errege Emerituaren egiteez pentsatzen jardutea ere. Eta agurra izenari edo izanari egiten ote zaion galdetu diot ene buruari. Izenak, oroz gain, izana estaltzen ote duen. Izena bakarrik aintzatesten duen herri batek zer nolako izanean sinisten ote duen. Izana hobesten duen herri batek zergatik onartu behar dituen, izenagatik bakarrik, pertsona batek bere onurarako egindako "tranpak" oro. Izen batek beste guztien izanak ez ote dituen baliogabetzen.

Nire aitonak urdaiazpikoa merkexeago saldu behar izan zuen; baina den-dena saldu omen zuen, iragarri bezala, ohikoa baino ederragoa zelako. Nago, Errege Emerituaren platerak mereziko ez zuen urdaiazpikoa izan zela hura.