Zirrikituetatik begira

Esan beharrik gabekoak

04.10.2021 | 01:11
Esan beharrik gabekoak

bilboko jatetxe batean "nagusiak bakarrik" dioen oharra eskegi omen dute eta hautsak harrotu ditu gaiak. Jaioberrien tasa demografia-arazo bilakatzeraino jaitsi denean, nola litekeen, halako bazterkeriarik egitea. Umeen kontrako kanpaina ote den. Umeak deseroso zaizkigun gizarte batean bizi ote garen. Edota umeen gurasoen kontrako jarrera ote...

Nik esango nuke, lerroartean irakurtzen ez dakiten pertsonentzako oharra dela. Esan gabe ere jakitekoak diren gauza horiek betetzen ez dituztenentzako abisua, alegia. Hauei, dena esan behar izaten baitzaie. Eta, bistan da, egiten duzunean, molestatu egiten direla. Gureak txikiak zirenean, ez nuen ondo eramaten bi umedun familientzako prestatzen ziren oporrak, festak, tailerrak, jatetxeetako mahaiak, hoteletako logelak, etab. luze batekin topo egitea. Eskaintza horietatik kanpo geratzen baikinen. Gure gizartea onartzeko prest zegoen ume kopurua gainditu nuela salatzen zidan egunerokoak. Pentsatzen nuen esker onekoa behar zuela izan gizarteak, nik ume bi baino gehiago maitatu nahi izateaz gain, gizarteari aberastasun handiagoa ekarri niolako. Baina ez nuen sekula irakurketa hori bueltan jaso.

Hori bai, sekula ez nuen pentsatu, umeak izan aurretik bikotearekin egin ohi nituen gauzak egin nitzakeenik umeekin. Umeak txikiak ziren garaia umeei %100ean dedikatzekoa zela ulertu genuen eta hauen garrasiak, kantuak, negarrak eta bihurrikeriak geureak zirela. Beste inor horien lekuko egin gabe. Ez ginen sekula taberna batean sartu, ez ginen sekula umeentzako prestatutako gunerik ez duen jatetxe batera joan, eta ez genuen sekula atseden-gune batean hankezurrik jarri. Present izan genuen gure umeak aingeruak zirela guretzako, baina gainontzekoek ez zituztela gure aingeruen deabrukeriak pairatuko. Orain, usu ikusten ditugu gurasoak, han eta hemen lagunekin jarrita, atseden hartzen, umeak batetik bestera korrika eta oihuka dabiltzala, gainontzekoon atseden unea baldintzatzen. Beraz, horixe esango nuke. Lerroartean irakurtzen ez dakitenentzako kartela dela jarritakoa. Esan gabe ere, errespetatu beharko genukeena.

Más información

noticias de deia