Zirrikituetatik begira

Jakina

20.07.2021 | 00:28

ESPAINAKO Gobernuak iazko martxoan onartutako Alarma-egoera dekretuaren neurririk gogorrenak baliogabetu egin zituen Auzitegi Konstituzionalak joan den astean. Hori bai, erabakitakoak ez du hartutako neurrien eraginkortasunik zalantzan jartzen baizik eta haien egokitzapen juridikoa, hau da, Alarma-egoera konfinamendua agintzeko legezko bide egokia ote zen edo are prozedura muturrekoago batera jo behar ote zen, Salbuespen-egoera, alegia, hiru ezaugarriekin: Kongresuaren aldez aurreko derrigorrezko onarpena, eskubide eta libertate publikoen murrizketa azkoz larriago egiteko aukera eta 30 + 30 egunerako soilik aktiba daitekeena.

Denok dakigu orduko egoera –pandemiraren punturik gorenean eta egunean batez beste 100 hildako izan zituena– oso larria zela. Adostasun politikoak lortu ahal izateko Kongresuko talde batzuen arteko portaera jakinda, Salbuespen-egoera onartzeko prozedura nola izan zitekeela erraz asma dezakegu ere: dexastre hutsa. Hona hemen Vox eta PP, egundoko toleskeriaz, behar zen unean aldeko botoa eman zioten dekretu berberaren konstituziokontrakotasuna txalotzen ari.

Ikuspegi politikoa oso atsegina ez bada ere, eztabaida juridikoa, aldiz, lilugarria da are gehiago ni bezalako jurista xume batentzat. Derrigorrezko konfinamendua agintzeko Alarma-egoerarekin nahikoa ez dela defendatzen dutenen berme-bokazioa ulertu arren, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren aldeko erakutsi izan diren argudioak kontraesankorrak eta sendotasungabekoak iruditzen zaikit ere. Horregatik, Auzitegiko bost kideren emandako boto partikularren letra ezagutzen irrikitan nago.

Nabarmen bai ikusten dena –duela 9 hilabete kideetako bat dimititurik, gainerakoen batzuen agintaldia iraungituta dago norbaiten politikagintza-presiopean jokatzen dutela erakutsiz– erakunde honen egoera defendaezina da. Zeren eta Auzitegi Konstituzional baten lorturiko xedea eskubide eta berme konstituzionalak –prozedurak barne– babestea bada, ez al litzatekeen izan behar adibidetzat ematen lehena? Jakina.

noticias de deia