UDEN poeta eta haren lagun nobelista Christopher Isherwood (Cabaret filma bere eleberri batean oinarriturik dago) Alemaniako aldia eginda badoaz Ingalaterrarantz nazismoaren goralditik ihesi. Haiekin Heinz, Isherwooden senargai alemana, daramate. Ailegatu dira Doverrera, mugara; idazleek ez dute izango batere arazorik haien nazioan sartzeko, bestela da, ordea, Heizen kasua, pasaporte alemaniarra baitu.

Audenek mugazainaren gainean begiak jarri bezain laster badaki ez duela pasatzen utziko, berehala ulertzen baitu Isherwooden eta Heinzen artean dagoen harremana; gutako bat zelako, laburbiltzen du poetak.

Jozsef Szajer Fidesz partidu hungariar homofoboko eurodiputatuaren atxilotzearen harira akordatu naiz pasadizoarekin. Szajer behin baino gehiagotan harrotu da Hungariako konstituzio berria bere ipadean zirriborratu izanaz. Bertan, ezkontza, gizon eta emakumeen arteko ituna da. Fidesz-ek bere partiduak homosexualen eskubideen, eta are gustuaren, kontrako neurri bat baino gehiago hartu du, Eurovisionen parte hartzea debekatu, gayegi delako, esaterako, beste eskubide zibil andana murriztu eta debekatzeaz gainera. Atxilotzea Hungariako gobernuaren etsaiek planifikatua izan dela ere iradoki dute gobernukide batzuek. Jozsef Szajer atxilotu duten orgian gainera bi osasun arau urratzen ziren, kondoirik gabe jotzen zen larru eta covid-aren kontrako elkartze muga gainditzen zen erruz.

Badago desberdintasunik Jozsef Szajer diputatuaren eta mugalariaren artean galdetzen diot nire buruari? Biak botere posizioan daude gertakarien unean; ez dakigu mugalaria, Henzi ez sartzen utzi ondoren, gauza zen gizon batekin larrua jo eta harreman bat izateko. Badakigu Szajer hori egin eta portaera bera dutenen kontra legeztatzeko izan badela.

Nola zuritzen du bere burua Jozsef Szajerrek bere buruaren aurrean? Hipokrisia eta zinismoa ez dira nahiko fenomenoa azaltzeko. Armairuaren gailua deitutako horrek balio lezake: orgiako Szajer eta Fidesz-eko Sazjerraren artean lotura mental oro ezabatu da.

Dena dela, horrelakoen aurrean beti galdetzen diot nire buruari zer gertatu ote zitzaion Henzi?