Eta, arteak, mundua irakurtzen laguntzen digu, ulertzen, berrinterpretatzen. Finean, hurbiltzen, eta zentzua ematen. Iratxe Ansa dantzari errenteriarrak 2020ko Dantza Sari Nazionala eskuratu osteko asteburuan Kukai dantza taldearen Fair Play interpretazioaz gozatu ahal izan dugu Hondarribiako pilotalekuan. Futbolaren gaineko interpretazio artistikoa, dantzatua, emozioak azaleratzen dituena. Zelai gaineratzen diren futbolari edo dantzarien izenak ematetik hasi, kirolariek baloia nola bereganatzen duten eta dominatzen duten ikusten jarraitu, arbitroaren esanak nola betetzen edo ez dituzten erakutsi, futbolaren aurpegirik maltzurrena eta makurrena erakutsi, penaltiaren aurreko urduritasuna agertu, bankilloan daudenen erreakzioak erreproduzitu, entrenatzailearen espala adierazi, garaipena bizi eta talde espiritua eszenifikatu.

Kukaiko dantzarien gorputzek erakusten jakin dute futbola bizitzeko beste modu bat. Jon Maia zuzendariaren ahotik entzun dugu esaten, euskal dantza oinarri sendoa dela, oro har, dantzarientzako. Lehen mailako euskal dantzari asko abiatu direla euskal dantza tradizionaletik. Futbolean bezala, harrobiaren garrantziaz hitz egin dute, azken urteetan, goi mailako sariak irabazi dituzten dantzariek. Ez direla bat edo bi izan. Eta harrobi hori sortzeko eta mantentzeko nahiz promesa berrien jarraipena egiten aritu diren irakasleen lana, kultura propioa duen herri batek babestu eta bultzatu beharraz.

Ume umetatik beharko luke hezkuntza sisteman integratuta egon sormenerako eta gizartearen irakurketa berriak egiteko ardura eta gida. Berrasmatzen eta berreraikitzen den gizartea baita gizarterik ulerberena, integratzaileena eta, beraz, aurreratuena.

Diziplinak nahasteak diziplina bakoitzaren gaineko beste ikuspegi bat ematen du, guztiz bestelakoa. Bai. Futbolariak bolantez jositako brusak jantzita ikustean, gizatiarragoak iruditu zaizkit.