OLIVIAN aspaldian izan nintzen. Herri miresgarria da. Amorruz hartu nuen Evo Moralesek kargua utzi eta hanka egin behar izan zuenean eskuineko alderdiek hala bultzatuta, estatu kolpe baten amarruarekin. Gerora, handik etortzen zitzaizkigun irudiak lazgarriak ziren oso: poliziak egindako gehiegikeriak, atxilotze inkontrolatuak, hilketa miresableak€ Evo Morales atxilotzeko agindua ere zabaldu zen sedizio eta terrorismo delituak leporatuta. Gauzak oso oker jarri ziren. Sasoi hartan, Jeanine Añez Boliviako sasi-presidentea ikusi genuen sutan biblia bat eskuan hartuta, harrigarriki, lelokeriak esaten.

Bada, joan den asteburuan hauteskunde orokorrak egin ziren berriz, eta datu guztien arabera, (kontaketa supermotela da) MAS Sozialismorako Mugimendua irabazle gertatu ei da. Han bi saio egiten dira, baina lehen itzulian irabaziz gero, kitto. Kasu horretan eskuinak alde egin beharko luke eta demokraziak irabaziko luke. Zorionez.

Hori han, baina gugandik hurbilago, Espainian, egun hauetan, demokrazia galtzen ari da. Pedro Sanchez bertako presidentearen kontra, faxismoa defendatzen duen hiru letra dituen alderdi batek zentsura mozioa aurkeztu du Espainiako Diputatuen Kongresuan. Beste alderdiek aintzakotzat hartu barik jokoa egin diote, eta bere irudia indarturik agertuko da berriz. Atzo bertan hasi ziren alderdi horren ahotsak altxatzen eta kontu groteskoak esaten. Esperpentoa eta zornea hedatu nahi dituzte, garai zaharrak bueltatu daitezen, inolako aportazio berririk egin gabe, gainean daukagun etorkizun ilunaz kezkatu gabe. Ultraeskuineko talde horretako buruak Trump-en laguna izan nahiko luke, bere heroia da, koronabirusa aipatzean birus txinatarra esaten baitu. Kontu propagandistikoak baino ez ditu haiza-tzen, bere hautesleria nostalgikoa lasai egon dadin.

Pertsona horrek demokrazia bera deslegitima-tzen du eskrupulurik gabeko mezu zinikoak iraingarriak, eta perbertsoak haizatzen. Koronabirusak ekarri duen egoera larriaren erdian, zitalkeriak badu lagunen bat.