Zer beharra? Galdetu nion nire buruari ospetsu bilakatu den argazkaiari begira (Aserejé, Macarena, Pajaritos...). Eta une batez pentsatu nuen horrelako irudia, horrelako ekitaldia, horrelako guztia pentsaezina izango litzatekeela han, Salvador Espriu poeta katalanak irudikatu zituen iparraldeko herri garbi, ikasi, aske, benetan serio eta zorionez aspergarri haietan. Espainiako Erresuman hauteskunde kanpainetan inaugurazio sukarra hain zen handia, ezen lege bat egin baitzuten inaugurazio horiek debekatzeko, beraz, orain biribilguneak, alarma egoeraren amaierak eta horrelakoak hauteskunde kanpainak hasi baino apur bat lehenago inauguratzen dira.

Zer beharra? Eta ene barneko errealistak eran-tzun zuen: "Boto beharra". Politikariek botoak behar dituzte; eta boto horiek lortzeko edozer egiteko prest daude. Normala da, jakina, kontrakoa bitxia izango litzateke. Horregatik egoera barregarrietan ikusten ditugu maiz (meritua ere badu horrek), edo konpainia xelebreekin (nor Revilla baino xelebreago?)

Argi dago EAJk boto guztiak behar dituela, ez gutxi dituelako, baizik eta sozialistekin duen koalizioarako gehiengo osoa nahi duelako (oso leku erosoak dira gehiengoak, batez ere murrizketan egiteko). Oraindik dut gogoan zer-nolako garran-tzia ematen zioen botoei Arzalluz jaunak, ez ehunekorik, ez eserlekurik, ez beste kontsideraziorik, botoak, banan-banan zenbaturiko botoak dira botere politikoaren oinarririk sendoena. Eta Urkullu botoak lortzeko elkartu zen Revillarekin. Gustu hartu al dio antzerkiari?