RAGANA nahiz etorkizuna aipatu, azken bi hilabeteotan covid-19aren erruz etxean bahitzen gaituen arazoa ezin bada alde batera laga. Onerako eta txarrerako, bizitza osasunetik -osotasunetik- harago ere badoa eta albo edo zeharkako kalte franko eragin ere. Larrialdiak edota begi aurrean hauek nola aurkezten digutenen arabera lehenik nabaritzen dena edonondik datorkigun arau edo aginteen menpeko sumisioa da. Edozein dei edo notiziaren aurrean obeditzea besterik ez dugu pentsa ere egiten eta horretara ohituko ote garenaren beldur naiz. Soldaduzka garaia datorkit gogora, han esan zigutelako obedientzia logikoa eta gero legezkoa zetorrela, harago ba dagoela esaneko itsua izatea ere eta horren gainetik obedientzia militarra. Sinets egidazue, alarma, larrialdi edo krisi baten aurrean ematen denak horiek ere gainditzen ditula, esan gabe doa, gure sen on eta logika mota guztien antitesi nabarmenera eramanez.

Plazan dantzan, olgetan, bertsotan, korrikan, holako edozein ekintza antolatzen, euskera min-tzatzen, mendira kaiku batez joaten, ikurriña ateratzen, tabernan edo kanpoan kantatzen eta abar luze bat galarazi diguten polizia mota guztiei txalo egin behar diogu balkoietatik arratsaldeko zortziretan? Inolako errurik frogatu gabe neurri gabe eta inoiz baino sarriago heriotzeraino torturatu gaituzten edozein koloretako borreroei loreak eta loriak bota behar dizkiogu alarma sirena ikaragarriak joz auzoko gazte baten urte eguna ospatzen datozenean? Nomejodas! Zer aldatu da tamaina horretan? Sistema politikotik polizi sistemara joan gerala? Arestian, esanekoak bilakatu gerala esan dut baina lehen izan direnekin politikoen arau eta agindu berriak bururatu edo burura igonez, edozeinek dio ezetz uniformedun bati! Pentsatzeari utzi, logika oro baztertu, tentel edo borrego bezala denaren esaneko bihurtuko gara eta txarrena, gerorako, etorkizunerako hori ohitura egitea. Luzerako ematen dit gaiak baina ondotxo dakit zirrikitu honetan 2.000 karaktere inguru kabitzen direla eta ni ere editorearen esanekoa naiz.