Izan ere, baliokoak diren lezio asko utzi zizkigun Edurnek, bere Lekitxoko etxeko egongelatik mundura zabaltzea merezi dutenak. Bereziki orain, hausnarketarako aproposa den garai honetan. Bizitza hobe baterako dekalogoa deituko diot, gutxienez hamar gaitasunetan oinarritzen baita.

Bat: zailtasunei irribarre batekin aurre egiten jakitea; maldan gora ere, barre egiteko arrazoiak aurkitzea eta bereziki nork bere buruari barre egiteko gaitasuna izatea.

Bi: gauza gutxirekin bizitzen jakitea, oinarrizko gauzekin pozik bizitzeko abilezia izatea, eta eguneroko ekintza xumeetan dagoen edertasuna dastatzea.

Hiru: duzun gutxi hori besteekin partekatzean sentitzen den pozaz gozatzen jakitea. Eskuak beti zabalik izatea.

Lau: etorkizunaz pentsatzen arduratuta bizi ordez, begirada gaurko egunean jartzea eta unea gozatzea.

Bost: esker onekoa izatea eta besteen egoeraz arduratzea.

Sei: bizitzaren balio handiena gure inguruarekin eta ingurukoekin dugun harremana dela jakinda bizitzea.

Zazpi: mina baretzeko, kafesnea, gailetak eta elkarrizketa on bat ibuprofenoa baino eraginkorragoak izan daitezkeela kontuan izatea.

Zortzi: gauzak datozen bezala hartzea eta onartzea. Pazientzia izaten jakitea.

Bederatzi: inoiz ez ahaztea nondik gatozen eta zaharrenengandik ikasitakoa belaunaldi berriei transmititzea.

Hamar: goruntz begiratzea, kokotsa altzatuta, beti goruntz.

Halako maistrak izanda, nekez beharko ditugu auto-laguntza liburuak. Beraz, badakizue, adi zuen ama, aita, izeko, osaba, amona, aitonek esaten dutenari. Jakituria ez dago bakarrik liburuetan eta. Eskerrik asko, Edurne.