Esan dezaket egun hauetan zeregin asko ditudala, baina hala ere, zereginak beste modu batera egiten hasi naiz. Arropa balkoian eskegitzea, adibidez. Beti korrika eta presaka egiten dudan zerbait, bat batean, nigan arrotza den halako kadentzia batekin egiten hasi naiz. Arropak eskegitzeari bere zeremoniatxoa eskaini nahiko banio bezala. Galtzerdiak eta kamisetak modu askotara eskegi daitezkela konturatuta bezala, ondo pentsatzen dut pieza bakoitza non jarri. Zein zeinen alboan, zein aurrean zein atzean. Kolore eta tamaina ezberdinetako piezekin artelan bat egiten nagoela sentitu dut uneren batean. Ezinezko eszena krisi honen aurreko nire bizitzan.

Aitaren erlojuak eta konfinamendu egoera honek halako tempo ezberdin bat ekarri dute etxera, aitak erloju hori soinean zeraman garaikoa, pentsatu dut. Eta gogoratu dut argazki zahar bat. Bertan nire aita agertzen da, hogei urte izango ditu, beste gazte batzuekin batera, Lekeitioko moilan eserita itsasoari begira, ezer berezirik egin gabe, begira besterik ez. Denborarekin adiskidetuta bezala.

Krisi honek gauza asko erakutsiko dizkigu eta lezio bat denborarena izango da. Denbora adiskide izatetik, arerio izatera pasatu den garai batean murgilduta bizi gara. Nolatan asmatu dugu denbora galtzearen ideia? Ematen al diogu geure buruari aspertzeko baimena? Ematen al diogu egiten dugun gauza bakoitzari merezi duen denbora? Zergatik ez eskaini gure ekintza arruntenei ere bere zeremoniatxoa?

Aitaren erlojuari begiratu diot berriz ere. Orra-tzak geldi, hamabiak eta bost minututan. Noiz gelditu zen denbora hura? Inoiz bueltatuko da? Utziko al diogu bueltatzen guzti hau bukatzen denean?