Zirrikituetatik begira

Bizitza opari

01.03.2020 | 06:16

CMBIA lo superficial cambia también lo profundo cambia el modo de pensar cambia todo en este mundo

Mercedes Sosa txiletarrak egin zituen ezagun hitzok. Imanolek, berriz, honakoa kantatzen zuen:

Aldatzen da mundua

aldatzen norbera

aldatzen erantzuna

aldatzen galdera

Bogotara itzuli gara, 14 urteren buruan. Distantziak aldaketak nabarmentzen laguntzen du, zenbait gauza ahantzi ere egiten dira baina. Trafikoak okerrera egin du, kutsadura arnastu, usaindu eta ikusi egiten da. Halere, aipagarria da azken urteetan bidegorri sarea hedatzeko egin duten ahalegina.

Duela 14 urte jatorri politikodun bortxak indar betean jarraitzen zuen. Geroztik gauzak ikaragarri aldatu dira, baina gobernuak eta FARCek 2016an sinaturiko bake hitzarmen historikoak ez du une batez ere saihestu dena pikutara joateko arriskurik.

Orduan bezala orain, kalean kontuz ibili beharra dago. Halere, segurtasun sentsazio handiagoa izan dugu. Orain orduan bezala, kolonbiarrak serioak bezain atseginak, abegitsuak bezain zinezkoak iruditu zaizkigu. Lehen aldiz etorri gineneko inguru bertsuan mugitu bagara ere, oraingoan ez dugu kalean haurrik ikusi pegamentua esnifa-tzen. Haur eta gaztetxoen zaintzan gaitzeko lana egin dute, nahiz eta azken boladako venezuelarren emanak pobrezia areagotu.

Duela 15 urte andre gazte bat haur eder batez erditu zen 80. kaleko zubipean. Orain ere zubiperen batean biziko da ziur aski. Haren arrastorik aurkitu ez izanaren penaz geratu gara. Gustura emango genion besarkada bat, sekula egin diguten oparirik ederrena egin izana eskertuz.

Más información