Normaltasunaren alde. Baina zer da gaur egun normaltasunezko egoera bat? Normaltasunak beti ekarriko du anormaltasuna? Guztiok gara normalak? Benetan existitzen al da normaltasuna? Ez dakit, baina garai ilunak datoz normaltasunaren izenean, eta anormaltasunaren bidetik Nafarroan, bereziki geure euskarari dagokionean. Bertako eskuin atzerakoiak, Navarra Sumak, euskarazko eskaintza gutxiagotu eta euskarazko eredua kenduko du, gaztelaniazkoaren eta ingelerazkoaren alde. Iruñeko Enrique Maia alkatea dago euskarafobia eta bidegabekeria horren atzean, dena normaltasunaren alde borrokatzeko. Bere normaltasunak ez du mugarik, ez da aberri honetakoa, ez da Euskal Herrikoa. Bere normaltasun erlijiozko-politikoa alkanforrez blaituriko jarrera eta joera zentralistatik abiatzen da. Kontserbadurismo zaharkizale bat dario horri guztiari, garai modernoek eta gizarte zibilaren eskakizun logikoek azalezko erupzioak sortaraziko balizkio bezala. Euskararen kontrako lubakia altxatu du Iruñean, bai eta emakumeen eskubideen kontrakoa ere. Lotsagarria izan zen arrail orgasmikoari buruzko hi-tzaldi bat bertan behera uzteko egin zituen ahalegin heteropatriarkalak (horrela esan badaiteke). Haluzina-tzekoa da, baina Vox-ek mintzaldia salatu, eta Navarra Sumak bertan behera utzi zuen. Bere popa bistan utzi zuen alkateak. Portzierto, hi-tzaldia Katakraken izango da, urtarrilaren 31an, bihar, 19:00etan. Agian alkatea bera joango da debekatzera.

Beste egoera anormal bat Katalunian bizi ari gara. Espainiak tai gabe deuseztatzen ditu populu horren nahi eta helburu politikoak. Kataluniako Parlamentuko Mahaiak Torra presidenteari diputatu akta kendu ostean, bide guztiak agortuak omen dira eta hauteskundeak deituko ditu Quim Torra Generalitateko presidenteak. Gaizkilea deitu zioten presidenteari parlamentuan bertan, Ciudadanos (zelako izena!) alderditik. Penagarria. Krisia zabalik dago, eta eskuma groteskoak egoera hori probestuko du atarramendu politikoa lor-tzeko. Beti ere normaltasunez, normalitatea baita gaur eguneko mutazio berria.