ORAIN arte oso argi izan du hori: ez du merezi ezertan murgiltzea argi izan gabe aukeratutako bideak norantz eramango zaituen. Bere lanean, adibidez, beti argudiatzen du ezin dela inolako ekintzarik martxan jarri, ezta inolako inbertsiorik konprometitu ere, aurretik ezarritako eta programatutako helmuga batera iristen lagunduko ez badu; pauso bakoi-tzak helmuga baten zerbitzura egon behar duela, norabiderik gabe ezin dela aurrera egin. Horrela bakarrik lortzen direla emai-tzak, nahi diren fruituak.

Hala ere, azkenaldian ikasi du pentsamendu hori, estrategia hori, bere xedeak lortzeko eraginkorra eta baliagarria izan arren, mugatua ere badela. Izan ere, batetik, "bere jomugak" omen direnen zerbitzura dagoelako bakarrik, oraindik imajinatu ez dituenak alde batera utziz; eta, bestetik, bizitzaren ikuspegi arrazional bati eran-tzuten diolako bakarrik, askatasunari eta ustekabeari beldur gehiegi dion jarrera bati.

Hain zuzen ere, Askatasunaren beldur liburuan Erich Frommek dio ilusio bat dela pentsatzea badakigula benetan zer nahi dugun, benetan desiratu behar duguna bakarrik desiratzen dugunean. Bere hitzetan, "norberak zer nahi duen jakitea gizakiak aurrean duen arazo konplexuenetako bat da". Eta zer nahi dugun jakiteko, batzuetan trazatuta ditugun bideetatik aldendu beharra daukagu pixka bat, nahastu, huts egin, estropezu egin, arriskatu, norabiderik gabe ibili, bazterretara begiratu? Batzuetan zirraragarria da "irteerarik gabeko errepideetan" aurrera eginez gero edo "etorkizunik gabeko harremanetan" aurkitu dezakeguna.

David Le Breton soziologoak berriki egindako elkarrizketa batean esaten duenez, isilik egotea eta norabiderik gabe oinez ibiltzea erresistentzia politikorako bi modu dira gaur egun. Oinez noraezean ibiltzeak, helburu finkorik gabe, beti baliagarri den zerbaiten bila ibiltzearen diktaduratik aldentzen gaitu; beti emankorrak eta eraginkorrak izan behar dugula agintzen diguten balioetatik libratzen gaitu. Zalantzarik gabe, noizbehinka norabiderik gabe ibiltzeak "gure mundu txikia" zabaltzen laguntzen digu.