KONDENA ezazu egun hauetan Bartzelonan gertaturiko biolentzia! “Itxoin, utzidazu hau bukatzen”. “Kondena ezazu!”. “Bale, kondena-tzen dut”. “Ez, berandu egin duzu, beranduegi!” “Bueno, barkatu, beste zerbait egiten ari nintzen”. “Ez, beranduegi; gainera, ez duzu kondenatu esan”. “Bai, esan dut, begira: k-o-n-d-e-n-a-tz-e-n dut Bartzelonan gertaturiko biolentzia”. “Ez du balio. Modu horretan ez du balio”; “Baina... bueno, esaidazu eta hitzez hitz egingo dut”. “Ez, ez du balio, ez zenuke benetan egingo”. “Bueno, esaidazu”. “Esan: Bartzelonan gertaturiko biolentzia terrorismoa da eta horregatik kondenatzen dut”. “Joe, nik ez dut uste horrela denik”. “Ikusten, ez duzu kondenatu nahi, azken finean, terroristetako bat zara”. “Bueno, bale, kondenatzen dut”. “Zer kondenatzen duzu eta zergatik?” “Bartzelonako biolentzia kondenatzen dut terrorismoa izan delako”. “Mmmm... ez zara benetan ari, faltsua da kondena hori”. “Faltsua?!”. “Bai, faltsua da, jada ez du balio. Ez da benetakoa. Zu biolentziaren alde zaude; terrorista bat zara”.

Batek baino gehiagok lotu du Espainiako politika autofedeekin, garrantzitsuena ez baita zer pentsatzen duzun, baizik eta besteen aurrean zure bekatuen aldarri publikoa egitea. Nik uste nuen ETAren bekatu larria eginagatik eskatzen zitzaigula kondena, eskatu gainera hitzez hitz. Baina ohartu naiz Espainiako Erresumaren formazioak (baskook ez gaude libre, lasai) “bestearen” erauztearekin duela zerikusia, hala nola judutarrei eskatzen zitzaien haien fedeari uko egitea edo sorginei deabruarekin tratuak izan izana aitortzea, eskatzen zaie hainbat aktore politikoei biolentziaren kondena.

Inkisidoreek fedea zer zen eurek ezartzen zuten bezala, gaur egungo edozein politikarik, herritako zinegotziak barne, berehala izendatzen dituzte beren buruak inkisidore eta zehazten dute biolen-tziaren definizioa eta autofedea eginarazi, kasualitatez, disidentzia aldarrikatzen dutenei.

Autofedeetako akusatu gehien-gehienak errudun aurkitu eta hil egin zituzten, aitortza ez baitzen nahiko salbaziorako. Herriak akusatuei harrika eginez hartzen zuen parte.