LARRITASUN egoera bizi du gure lurraren klimak. Burugogorrek eta obtusoek ez dute hori onartu nahi, eta dena “beti-berdin” jarraituko balu bezala, begiak itxi eta beste toki batera begiratzen dute.

Ostiralean, greba globala deitu da mundu osoan, eta mobilizazio ugari egingo dira bazter anitzetan, larrialdi horri horma bat ipin-tzeko, muga bat, sare bat, ezin gaindi daitekeen linea gorri bat markatzeko, antropozenoaren aro krudelaren aurrean bestelako irizpideak jartzeko, munduko ekosistemak eta biodibertsitatea -bai eta geurea ere- bestelako eredu ekonomikopean babestu egin behar direla ozen esateko; finean, justizia aldarrikatzeko. Deialdiaren barruan bi puntutan jarriko da fokua: berotegi efektuaren erruz aireratzen diren gasen emisioa amaitu behar dela, eta gaur egun dugun klima muturreko egoeran dagoela.

Fridays For Future taldea da deialdiaren buru, klima larrialdiaren harira hainbat ekitaldi ikusgarri burutu dituena, behin eta berriz alarmaren argi gorria piztu duena. Nazio Batuen Erakundeak antolaturiko Klimaren Goi-bileran Greta Thunberg gaztea ikusi dugu egunotan munduko pertsona botere-tsuen aurrean hainbat hitzaldi ematen, sututa. Eta jenio txarrez esan du planetaren amaieraren aurrean gaudela, munduko korporazio handiek giza-eskubideak eta ingurumena zokoratzen dituztela, eta dagoeneko, neurri zehatzak eta eraginkorrak bideratu egin behar direla, politikoek ez dutela ezer egin nahi, diruarekin eta hazkunde ekonomikoarekin baino ez baitira kezkatzen.

“Gazteok zuen traizioa ulertu dugu orain. Datozen belaunaldien begiak zuengan jarrita daude, eta huts egiten baduzue ez da barkamenik egongo. Hemen eta orain muga bat jarriko dugu. Mundua esnatzen ari da, eta aldaketa etorriko da, zuei gustatu ala ez”.

Atzera bueltarik ez omen duen egoera horren aurrean, politikoen zuztarbakotasuna baztertuko dute, eta ahots bakarra balitz bezala, herri xeheak izango du azken hi-tza.

Klimaren aldaketaren ondorioez ohartarazi eta arazoari ifrentzua bilatu beharko zaio, aurrekaririk ez duen maila berri batean.