EUSKARAK bere ateak zabaldu ditu, eta bere barruko edertasunak ere zabalik dauzka ezagutu nahi dituen edonorentzat. Ikasturtearen hasierarekin bat eginez, Euskal Herriko euskaltegiek euskara ikasteko matrikulazio-epea zabaldu dute. Ohikoak dira kanpaina horiek, batzuk oso interesgarriak, harrigarriak eta barregarriak, eta dena herritarrek geure hizkuntzara hurbiltzeko ahalegina egin dezaten. Kanpainarekin batera, diru-laguntzak ere eskatu ahal dira (aurten Eusko Jaurlaritzak 2.475.000 euro bideratuko ditu euskararen ikasketak aurrera eman ahal izateko) euskara ikastea hain garestia (baldin bada) izan ez dadin.

Betiko lez, helburua oso erraza da, pixka bat ikasita, hizkuntza zaharra eta maitagarria eguneroko bizimoduan erabiltzeko ohitura sortzea, eta hala, lehenengo elea beti euskaraz esatea. Horretarako mota askotako ikastaroak bideratuko dira euskaltegietan, erabiltzaileen neurrirako egituratuak eta antolatuak. Bilbon makina bat euskaltegik sekulako lana egiten dute, eta datu bat emateagatik, joan den urtean 6.700 ikaslek ikasi zuten bertan euskara. EAEko euskaltegien sarea dezente handiagoa da, eta jardun horretan aritzen direnak ehun euskaltegi baino gehiago dira. Euren geletan 35.524 ikasle sartu ziren euskara ikasteko xedearekin. Aste honetan, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua Bingen Zupiriak beste datu azpimarragarri bat luzatu du: 1986tik hona 470 mila herritarrek eman dute izena geure lurraldeetako euskaltegiren batean. Euskara gero eta interesgarriago bilakatzen ari den seinale. Euskara ikasteak bestelako ahalmen bat eskaintzen dio ikasleari, horrexegatik, Euskararekin gehiago ahalko duzu izeneko kanpaina bideratu dute: “Euskara ikasiz, ikusezina zen mundu bat ikusgai bilakatzen da. Aisialdirako aukera berriak, komunikatzeko aukera berriak, gauzak ikusteko era ezberdin bat?”.

Eta hala da, euskara da gure marka, beste herritarrengana hurbiltzeko erreminta. Ikasi nahi ez duenak arrazoi xelebreekin esan beharko du ezetz, euskara inoiz baino zabalago eta eskuragarriago baitago, eta ahalmen itzela du.