BADATOR ekainaren 28 eta hemen natorkizue urtero bezala LGTB+on egoeraren analisia egiten saiatu eta gure izatea aldarrikatzera, mintzairak eta izaera baitugu anitz eta diferent. Gurera etorri baino lehen Madrilen sortu den zalaparta aipatu nahi nuke. Jakinen duzuen bezala harrotasunaren antolatzaileek ukatu egin diete Ciudadanos eta PPkoei pankartan joatea Vox homofoboekin ituna sinatzeagatik. Gure Oyarzabalek antolatzaileak sektariotzat jo, subentzioetatik bizitzeaz akusatu eta pikutara bidali ditu. Oyarzabal, jakina da, gayon eskubideen borrokan aintzindaria izan da; 90 hamarkada hasierako Gasteizko giroan jakina zen ez ziola bere orduko senargaiari kalean agurtzen uzten, ez zedin jendea ohartu gaya zela. Madrileko Harrotasun egunaren kritika ongi eginak izan dira azken urteetan, hasteko G letra nagusitu delako batez ere; gorpu-tzen zein gaien merkatuaren festa delako, eta identitate politika klase politikarekin gurutzatu gabe halako egun batek balorea galdu duelako. Vox agertu izanak, ordea, Ortonen leihoa eskuinerantz mugiarazi du, hainbeste, Madrileko egun masifikatu hori askatasunaren aldarri iruditzen zaigu.

Hemen ere hainbat talde erradikalek kritika latzak egin dizkiote Bilbao Pride delakoari; azken finean, diote, Bizkaiko Diputazioaren subentzioa jaso duen ebento horrek harrotasunaren aitzakian pobreak, langileen baldintza kaxkarrak, prekarizazioa, alegia, klase gatazkak azalarazten dituen injustizia soziala estaltzeko balio du. Baina, iruditzen zait niri, oraindik ere Pride bezalakoak beharrezkoak direla homofobiaren kontrako borrokan, nahiz eta indar aldarrikatzaile eta borrokalaria galdu.

Gayoi, Etica Marica-n Paco Vidartek zioen moduan, ahaztu egin zaigu nondik gatozen, lehenago marikoi zikin batzuk baino ez ginela, eta hurbilago beharko genukeela atariak garbitzetik bizi den andrearengandik ezen ez enpresariarengandik, demagogikoki esatearren. Baina denok gaitu itsutzen botereak. Ez nuke Oyarzabal bat izan nahi baina iruditzen zait Prideren kontrako erabateko arbuioa ere ez dela ona. Eztabaida hau, beste ezaugarri ba-tzuekin izan genuen 90 hamarkadaren hasieran Euskal Herrian. Oyarzabalek senargaiari agurra ukatzen zion garai haietan.