MARÍA Chivite Navascués, Ramón Alzórriz Goñi, Inmaculada Jurío Macaya, Carlos Gimeno Gupergui, Ainhoa Unzu Garate, Bernardo Ciriza Pérez, Nuria Medina Santos, Javier Lecumberri Urabayen, Arantza Biurrun Urpegui, Carlos Mena Blasco, Patricia Fanlo Mateo. Horiexek dituzue Ferrazi aurre egingo dieten PSNko parlamentarien izenak, horiexek izango dira nafarren heroiak hurrengo urteetan. Horiexek aurre egingo baitiote aurre Navarra +-ri (Ironia modua: on).

Egongo ote da horien artean denetan Ferrazen iritzia nagusitzen bada, eta PSNren beste hamar urtetarako buru hilketa dela oharturik parlamentari izateari uko egingo dionik? Ez dut uste. PSN asko joka-tzen ari da, hutsaltasuna (2007ko %22tik 2015ko %13ra jaitsi ziren zortzi urtetan) ala gobernua, batera nola bestera kinka handia.

PSNk besterik ez du esan kanpaina osoan, ez duela 2007 Abuztualdia errepikatuko, ez diola gobernua eskuinari utziko, eta zer eta patuak hauteskundeen emaitzetan haragiturik kinka horretan jarri du; noiz eta Ferrazek hirugarren indarra izan balitz askoz hobe hartuko zuenean, izan ere, nafarrok miloi erdia pasatxo baino ez gara, gauza txiki bat PSOEren estrategia aldarazteko.

Chivitek eta goiko abar horiek ez zutena aurreikusi EH Bilduren izate tenkortsua izan da, EAEn baino askoz gauza monstruosoagoa Nafarroan, terroristen oinordeko baskoa delako, eta nonbait baskoa ezin da izan EAEtik kanpo.

Hainbeste gaiztotu da kontua, ABC-ek Zapaterok ETArekin negoziatu eta Thierryri kendutako aktak, benetakoak bileran izandakoek baizik ez dituzte ikusi eta Henry Dunant Erakundean giltzapean daude, haizatu dituzte: Nafarroa truke barnean omen zegoen, EAErekin autonomia bakarra osatzea eskaini omen zieten.

Baina beti bezala esfingearen galderaren erantzuna EAJn dago, ez Nafar Buru Batzarrean Bizkai Buru Batzarrean baizik: saiatuko dira Sanchezen izendapena oztopatzen Nafarroan eskuinaren gobernua ahalbidetuko dutelako?

Hala beharko luke, baina ez naiz fio. Noraino ailegatu garen, PSN ezkerreko iruditzen zaigu! 7 parlamentari dituen EH Bildurekin mintzatzera ere eseri nahi ez duen horixe bera. Jesus, ekainean, eta abuztu giro!