tabako pakete baten gorabeheran xehatu zuten Santi Coca mutil gaztea Donostian. Ikerketak eta epaiketak deliberatuko dute zenbat lagunen artean eta nola hil zuten. Tabako pakete baten afera aski duenak, zigarro bakarragatik berdin-berdin jokatuko luke, edo gaizki begiratu diotela iruditu zaiolako, edo beste edozein huskeriagatik. Batzuentzat beste edonoren bizitza da huskeria. Sareetan betiko susmoa hedatu zuten betikoek: “Ertzaintzak ezer esaterako badakigu zein nazionalitatekoak diren erasotzaileak”. Magrebiarrak zituzten jomugan. Agi danez, jatorri horretakoak ere baziren, baina baita errumaniar eta espainiar nazionalitatea dutenak ere, eta auskalo nongoak diren azken hauek. Zer axola dio? Ba-tzuentzat beti salbuespen izango dira bertakoak, eta ez diote inongo ikerketa eta daturi utziko euren aurreiritziak zapuzten. Egunero samar pasatzen naiz Santi hil zuten lekutik. Gorputza trenputxartzen eta aldartea iluntzen zait mutikoaren oroimenez jarritako lore eta kandelak ikusten ditudanean, haren miraz sufritzen daudenez oroi-tzen naizenean. Ostegun arratsaldean, lore eta kandelen aurrean, mutil gazte bat zegoen, lurrean eserita. Bisera bat buruan, gerriz gora biluz, kamiseta gerrian eta galtza motzak. Santiren adin-tsukoa zen. Hankak gurutzaturik zituen, ukalondoak belaunen gainean jarriak, eskuak korapilaturik, eta bi hatz erakusleak ezpainetan. Ez zitzaion betilerik ere mugitzen. Ni ere aurreiritzien mende egoki, azalaren koloreak eta larruazaleko tatuajeek burutazio bat ekarri zidaten: “Eta otoitzean edo meditazioan murgildurik dagoen mutiko hau erasotzaileen alderdikoa balitz?” Aurreiritziak dira gure gizartearen gaitzik handienetako bat. Ez dakit biseradun gaztea Santiren laguna zen, ala hari eraso egin ziotenen taldeko edo ingurukoren bat. Nolanahi ere, iritzien aurrekoak baino askoz gehiago balio du gertakarien ostekoak, eta mutiko horrek, biktimaren lagun zein erasotzaile izan, gogoetan ziharduen. Eta neure baitan sinetsi dut mutil gaztearen ezpainetan agintzari bat irakurri dudala: “Santi, zin dagiat bortxa ororen aurka borrokatuko naizela”.