AZKEN egunotan Borja Sémper leku guztietan agertu zait. Adi, ez dut esan nahi, Pitita Ridruejo zendu eta inoiz ez nahikoa aipatuari Ama Birjina bezala, niri ere politikari gipuzkoarra agertzen zaidanik modu gutxi gorabehera fantasmagorikoan; nirea askoz normalagoa da: egunkariren bat ireki, sare asozialetan sartu, telebista pizten dudan bakoitzean, Borja Sémper agertzen da.

Sémper jaunak ez dituela PP hizkiak karteletan erabili aipatu da han, Sémper jaunaren kartel batean bi emakume muxuka agertzen direla goraipatu dute hemen, Duncan Dhuko batek baimena eman diola ez dakit zer abesti erabiltzeko. Gainera, kontu horien gainean egiten diren meme guztiak agertzen zaizkit, eta, egia esan, kontuok meme iturri agortezina dira. Madrilen ateratzen duten egunkari garrantzitsu horietako batean egin dioten elkarrizketa irakurri dut: heterodoxoa dela, errebeldea... Nire errolda-txartelan egiaztatu dut ez nagoela Donostian erroldatuta eta ezin diodala, beraz, Borja Sémperri bozka emateko aukerarik. Zertarako agertzen da, orduan, leku guztietan? Ez dakit nor den CUPek aurkeztu duen alkategaia Bartzelonan, baina Sémperri buruz dena dakit. Bai, esango didazue, klaseak eta klaseak egon dira beti. Klaseak.

Badirudi kanpaina orokor bat dagoela Sémperren alde, Salbatu Sémper soldadua edo horrelako zerbait. Badirudi Donostiak Donostia benetan izateko Sémper bat behar duela Udalean. Badirudi Donostian bozka ematen ez dugun guztiok jasan behar dugula Sémperren aldeko promozio nekagarri hau. Arrakasta lortzen ari direla uste dut: nire lagun batzuk Borjarekin amets (heze) egiten hasi dira. Sémper jaunaren ustez hiria politikaren gainetik dago, alderdien gainetik, horregatik zuritzen du bere alderdiarekiko erakusten duen aldentze hotza. Baina, ai, aspaldidanik dakigu dena dela politika, kale baten asfaltatze hutsa ere politika dela. Niri honek guztiak déjà-vu sentsazioa sortzen dit. Gasteizen PP-pop deitzen genuena ezagutu genuen: modernotxoak, goapotxoak, gaztetxoak, errebeldetxoak... Erorikoa izugarria izan da. Ez dakit Sémper salbatuko den.