ZUTABE hau idazteko egokia iruditzen zait nondik idazten ari naizen abisa-tzea. Hiru bikote ohi ditut. Lehenengo eta hirugarrenarekin adiskidetasun harremana dut; bigarrena, aldiz, senar ohia, ez dut ikusi ere egin nahi: urte eta erdian engainatu ninduen, eta hamar urte eta erdiko harremanaren ondoren ez zen eseri zer gertatu zitzaion azaltzeko. Uste dut bitan-edo bidali niola haustura garaian nirekin “putakume bat bezala “ portatu zela zioen mezua.

Josu Juaristi, Orain Errepublikak! zerrendako bigarrenak eta EHko partaideak hautagaitza eta, behin behingoz, militantzia utzi izanak harritu ninduen aurreko astean; zergatik eta, hitzez hitz, “onartu behar dut hausturaren ondoren gauza onartezinak egin ditudala, adibidez, lekuz kanpoko eta berak onartu gabeko mezuak bidali. Horrek min egin dio pertsona horri”. Gero egoera emozional eta fisiko ahulean dagoela gehitzen du.

Hori bada Juaristik egin duen gauza bakarra, alegia, harreman baten hausturan partaide ohiari mezu ez eskatuak bidaltzea iruditzen zait gehiegizkoa dela militantzia utzarazi eta zerrendatik kentzea.

Maitasunak betirako bokazioa du, baina gaur bertan bukatzeko joera ere bai. Maitasun harreman bat uzteko erabakia hartzen duenak prest egon behar du bestearen hitz karminduak jasotzeko, baita bestearen aldetik irain bat edo beste entzuteko ere; badakit irainak botatzen dituenaren portaera haurkeria dela, erridikuloa egiten duela, eta adiskideak nekatzen dituela, baina zer nahi dugu min egiten ditugunean psikologo baten oreka eta zuhurtasunez erantzutea? Min hori kontra itzuliko litzaiguke.

Niretako muga ekintzetan dago, alegia, nire minaren aitzakia hitzez harantzago ez joatean.

Argitaratu dena, eta soilik argitaratu dena, gertatu bada, ez ote litzateke hori, zuhurtzia, oreka eta heldutasuna kontzeptu zurrunegitzat hartzea eta minaren adierazpidea zigor-tzea? Hainbat tokitara ezin da teknika psikologikoa heldu, horietako bat mina da; ez da bilatu behar, etorri etorriko delako, baina gizaki egiten gaitu; oro zikintzen du, oro itsusten du, baina hori da gizakia izatea, ez?: eder, zikin eta itsu. Putakumea! berriz ere esango nioke.