GURE natura eta mundua pairatzen ari diren ingurumen-inpaktua ezin ukatuzko kontua da. Plastikoaren aroan bizi gara, plastikoz inguraturik pasatzen ditugu gure egunak, plastikoa irensten dugu jakin gabe. Zoritxarrez gero eta sarriagotan entzuten ditugu plastikoa protagonista duten albiste tristeak. Hainbat hondartzetan plastiko kilo dezente janda eta itota agertzen diren baleen gaineko berriak maiz aditzen ditugu hedabideetan. Edota itsasoak berak ere pairatu behar duen kutsadura, hainbat hegaztirentzako heriotza-zigorra suposatzen duena, gero eta nabariagoa da.

Plastikoaren kontrako borroka horretan guztion eskua beharrezkoa da, eta egin daitekeen ekintzak txikia dirudien arren, askoren artean, txikitasunak beste dimentsio bat hartuko du. Naturak berak eskertuko du apustu solidario eta beharrezkoa.

Joan den astean, eta Naturaren Defentsarako Elkarteak (WWF) sustatuta, milioi pertsona, enpresa, eta erakunderen eskutik, ekin-tza sinboliko horietariko bat gauzatu zen mundu zabalean: ingurumenaren aldeko Planetaren Ordua ekimena. Larunbatean eraikin askotako argiak ordubetez amatatu ziren, klima aldaketaren aurkako lan eta borrokarekin bat egiteko xedez. Eiffel dorrea, adibidez, inoizkorik ilunen ikusi zen; eta Bilbon, Arriaga antzokia, Iberdrola dorrea, edota Guggenheim museoa argiztapenik gabe eta ilunduta ikusi ziren une batez.

Kanpoan egiten da, baina borondate onez nork bere etxean ere egin dezake ekimena, hain behar-beharrezkoak ez diren argiak eta tresna elektrikoak ordubetez amatatuz. Antolatzaileek diotenez, joan den urtean 188 herrialdetako milaka hirik hartu zuten parte itun globalizatu eta itxaropentsu horretan. Planetaren Ordua ekimenaren ondorioak guztion onurako dira, baliabide naturalak eta biodibertsitateak ez baitute orduez ezer ulertzen, eurentzat denborak beste neurri batzuk ditu. Gu agertu baino milioika urte lehenago jabe baitziren hemen, eta seguruenik, gure espezie lerdoa desagertu ostean, hemen segituko dute, eta arnas berria zabalduko da lurraren azalaren gainetik, berriz.