BANDERAK trapu zahar edo zikinak baino ez direla adierazten duen baieztapenari susmo txarra hartu izan diot beti, batez ere xinpleegia delako ertz asko duen gaiari horrelako erantzuna ematea, zeren, azken finean, banderak sinboloak baitira, eta aspaldidanik dakigu gizakia errealitatea, natura, sinboloz bete edo jantzi duen izakia dela. Ez naiz hasiko semiotika egiten orain, baina oinarrizko ideia hori gogoratzea ez legokeela gaizki uste dut.

Egunotan bi kontu agertu zaizkigu banderak direla eta. Lehendabizikoak ikurrinarekin du zerikusia. Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak urtebeteko zigorra ezarri dio Bixintxo Bilbao pilotariari ikurrina ateratzeagatik urrezko domina bat jasotzen ari zenean Munduko Txapelketan. Arau hauste larria omen da baimenduta ez dagoen bandera ateratzea. Hain trapu zahar edo zikin ez da izango bandera hori horrelako ondorioak baldin baditu apur bat astintzeak; egoera ez litzateke hain absurdoa izango (euskal pilota, ikurrina... ). Madrileko egunkari batzuek txalotu dute federazioaren jarrera, baina gero ez zekiten nola uztartu Bixintxo Bilbaoren herritartasun frantsesa, ikurrina eta bandera espainiarra. Bide batez, zer-nolako jendea da Federazio horren agintariak?

Bigarrena Espainiako II. Errepublikaren banderarena da: Pedro Sánchez presidente espainiarrak Antonio Machadoren eta Manuel Azañaren hilobiak bisitatu berri ditu, eta haien gainean gobernuaren izenean loreak eta banderak jarri ditu, hori-gorriak, monarkiarenak. Espainiako oraingo bandera legezkoa izango da, konstituzionala eta nahi duzuen guztia, baina Machadoren eta Azañaren gainean jartzeak begirunerik eza erakusten du, eta gustu ezin txarragoa. Ez da soilik ideologiarekin edo politikarekin erlazionatuta dagoen begirune falta ikaragarria, aurretik datorren itsukeria historiko, etiko eta estetikoa ere bada. Ez dakit nik zer bekatu garbitu nahi zituen Sánchezek, baina hilobiok zikindu dituela argi daukat.

Banderak sinbolo astunegiak dira askotan, nekagarriak batzuetan, koloretsuegiak pentsamedu kosmopaleto erraz (trapu bat baino ez) horren eskuetan uzteko.