batuta, dakigunez, orkestrak eta abesbatzak gidatzeko zuzendariak esku artean hartzen duen makilatxo fina da. Ez da guztiz beharrezkoa, hala ere. Badira bai orkestra zein abesbatza zuzendariak batuta gabe zuzentzen dutenak. Baina, ohikoena, orkestra batutarekin zuzentzea da eta abesbatza batutarik gabe, nahiz eta AEBn abesbatzak batutarekin zuzentzen ikustea ohikoa den.

Teoria ezberdin anitz dauden arren, esan liteke, batutak gehiago markatzen duela, edo hala irudi-tzen zaie, bederen, Orkestra eta Abesbatza Zuzendaritzarako ikasten ari diren musikari gehientsuenei. “Batuta gehiago ikusten da eskua baino, zure besoaren luzapena dela esan ohi da, baina urduri bazaude, nabarmenago geldi-tzen zara” esango dizute.

Aurreko astean, Andoaineko Bastero kulturgunean Orkestra Sinfoniko gazte baten ekitaldia izan zen ikusgai eta, bertan, Orkestra eta Abesbatza zuzendaritzarako ikasten ari diren zazpi gaztek parte hartu zuten: lau gizonezkok eta hiru emakumezkok. Bakoitzak obra bana zuzendu zuen. Gizonezkoek, guztiek, batutarekin zuzendu zuten eta emakumezkoek, guztiek, batuta gabe. Deigarria egin zitzaion gertaera publikoari. Hainbeste, ezen eta ekitaldia bukatu zenean, interpretatu zituzten obrei eta bakoitzaren zuzendaritzarako ezaugarriei buruz hitz egiteaz gain, batutaren erabilerari buruz galdetu zitzaiela. Emakumezkoei egin zitzaien galdera, egia esan. Eta erantzuna hauxe: “irakasleak guztioi oparitu zigun batuta bana baina guk (neskok) erabaki genuen batuta gabe zuzenduko genuela”.

Orkestra batuta gabe zuzentzen ikustea bezain deigarria egin zi-tzaigun erantzuna: Orkestra Zuzendaritza ikasten ari diren ikasleek kolektiboan erabakitzen dute nola gidatu? Gizonezkoak areago zeuden prest nola marka-tzen zuten erakusteko emakumezkoak baino? Emakumezkoek ustezko akatsak disimulatzeko asmoz erabaki zuten batutarik gabe zuzentzea? Irakasleak klase berean izan dituen ikasleak izanik eta guztiei eskura baliabide berberak emanda, zerk egin zuen ba-tzuek batutarekin zuzentzea erabakitzea eta besteek ez?