Azken mendeetako hazkunde eredua bateragarria da ingurumena zaintzearekin? Mendeak kutsatzen ibili diren herrialdeek, horri esker garapen maila altuetara iritsi direnek, gainerako lurraldeei baldintzak ezartzeko edota eskatzeko eskubidea dute? Nago mugarik gabeko hazkunde ekonomikoa ez dela posible. Oraintsu arte halakorik izan bada, beste batzuek hazkunde horren logikatik kanpo laga direlako izan da. Azken hamarkadetan, ordea, atzean geratutakoek ere garapen eredu berari heldu diote, arazoa are gehiago azaleratuz. Alabaina, errudunak ez dira Errusia, Txina edo India, zenbaitzuek nabarmendu nahi dutenez, kaltea lehenago eginda baitzegoen lurralde aurreratuen eskutik! Orain, iraganean gertatutakoak konpontzerik ez dagoenez, datorkigunari aurreratzen saiatzea da kontua.

Ikuzgailuak, telebistak, sakelako telefonoak, autoak eta abar ezin ditugu neurriz kanpo ekoitzi eta, aldiro, ekonomiaren gurpilari eragiteko, aldarazi, urriak diren lehengaiak ustiatuz eta energia xahutuz; ezin ditugu eremu zabalak lur-idor bilakatu, gugandik urrun egonagatik, horrek ere denoi eragiten digulako, batera edo bestera; nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza eusteko moduko ereduekin ezkondu behar ditugu, hur- hurrekoari lehentasuna emanez eta ingurune fisikoa berreskuratzeko ahalegina eginez; ezin dugu erabilera bakarreko on-tzien erabilera lagundu, horiek kale bazterretan, mendietan, erreketan eta ozeanoetan amaitzen dutelako... ezin dugu orain arte bezala segitu, beste batzuen bizkar botaz geurea ere baden erantzukizuna!

Ez dezagun gure burua engainatu. Zenbat panel fotovoltaiko jarri, zenbat urtegi eraiki, errota ezarri, energia sorrarazteko zaborra erretzeko plantak eraiki eta abar beharko genituzke egungo energia beharrizanei erantzuteko? Eta horrek ingurumenean izango lukeen eragina? Uste dut, estrainekoz, gure bizimodua dela aldarazi behar duguna, denetik are gutxiago kontsumituz... eta, esan gabe doa, klimaren aldaketaren kontua batzuentzat arazoa den honetan beste batzuentzat aukera ere bada, orain arte gizateria egon gabeko eremuetara iristeko eta inguru horretako lehengaiak ustia-tzeko aukerak irekitzen dituelako, hondamendia bizkortuz eta gure akabera lehenago izan dadin lagunduz.