Kasurako, garrantzitsuena botoa emateko eskubidea ez dela, ondo bozkatzea baizik esateak harridura ez ezik kezka ere eragiten du, joera jakin baten alde ez daudenak desagerrarazi, askotarikoa den gizartearen iri-tziak baztertu eta horien gainetik batzuen iritziak eta egitasmo politikoa gainjartzeko borondatea iradokitzen duelako. Herritarren eskubideak aitortzearen bidetik onarturiko araubidea ezabatzeko proposamenak sekulako atzerapausoa dakar eta iradokitzen du PPko agintariak are hurbilago daudela Hungariako edota Poloniako agintari ultraeskuindarrengandik, gizarte moderno baten ezaugarria den herritar guztiei eskubideak eta betebeharrak aitortzetik baino... Beraz, aurrera begira baino, atzera begira gaude, horrek dakartzan ondorio eta guzti.

Beste horrenbeste esan dezakegu autogobernuari buruz esandakoak gogoratzen baditugu. PPko buruzagiek, finean, Konstituzioak eta autonomia estatutuek jasotakoak ez betetzea aldarrikatu dute, bidenabar, estatuaren ikuspegi zentralista indartuz eta eskumenak berreskuratuz. Kontu horren oinarrian ez dago berritasunik, ezpada, orain arteko joera eta bokazioa, hamarkadetan estatuko bi alderdi nagusiek partekatu dutena, esplizitatzea baino.

Nolanahi ere, halako konben-tzioen bidez proiektatzen den azalkeria da gehien ernegatzen nauena. Dauden arazo, konpondu beharreko eta aukera guztiekin, herritarren lehentasunez eta premiez ahaztuta, batzuen kezka eta lehentasun ia bakarra hauteskundeak albait arinen egitea bada... ez daitezen harritu gizarteak bizkarra erakusten badie.

Hauteskundeak etorri etorriko dira, tokatzen denean. Bitartean, askotariko ardurak dituztenei galdatu behar zaie beren zilborrari bainoago haien soldatak ordaintzen dituzten herritarren ongizatean jar dezatela arreta, herritarren alde lan eginez eta aurrera begiratuz dezaketen guztietan.