Ikasturte bat amaitzear eta beste bat ate joka. Horrela, izurritearen bilakaerak ekar di-tzakeen erronkak gorabehera, aukera ezin hobea daukagu hezkuntzaren egungo egoeraz eta aurrera begira bizi beharko lukeen eraldaketaz berba egiteko... Eraldaketa hezkuntza-administrazioaren egituran; erretiroa hartzen ari diren eta hartuko duten profesionalak ordezkatzera datozen pertsonen prestakuntza eta gaitasunetan; egun dauden askotariko profesionalen gaitasunak eguneratzean; curriculumean, materialetan eta ebaluazio jarraituan; aukera-berdintasuna ahalbidetzearen norabidean, jaiotze-tasaren jaitsiera, aniztasunaren trataera eta aukera-berdintasuna ahalbidetzearen norabidean eta abarretan.

Sarritan hitz egiten da beste herrialde batzuetan hezkun-tzan inbertitzen denaz, eta gutxiagotan aritzen gara, ordea, emaitzetan dauden aldeez. Uste dut beste baliabide batzuk esleitu aurretik, egungo baliabideen eraginkortasunari buruz hitz egin beharko genukeela, ez inori koloreak ateratzeko, denon artean gabeziak antzemateko, zuzentzeko eta hobe-tzeko baizik... Arriskua baitago baliabide berriak orain arteko kontuetan eta moldeetan inbertituz gero, emaitzetan aurrera ez egitea! Hausnarketa horrek badauka kontu batekin zer ikusia, hezkuntza herritarren eta herri honen zerbitzura dagoela barruratzea, hain zuzen ere!

Eraldatze horretan, urratsak egiteko ezinbestekoa da askotariko eragileek parte hartzea: unibertsitateak, hezkuntza-eragileak, familiak, hezkuntza-administrazioa, irakaskuntza materialez hornitzen duten argitaletxeak, askotariko prestakuntza jarduerak antolatzen dituzten elkarte eta erakundeak, sindikatuak eta abar... Guzti-guztiek jarri beharko lukete askotariko den ikaslea, bihar-etziko gizartearen ardurak izango dituzten gizabanakoak jardun-eremu osoaren erdigunean, ardatz gisa. Horrek, auzolana, herri proiektu bat lehenestea eska-tzen du, gure gizarteak aurrera egin dezan galgatzen duen aurrez aurreko eta epe laburrera begira dauden estrategiak, aurreiritziak eta errezeloak bazterrean lagaz.