ZKENALDION argindarraren ordutegiaren araberako prezioaren kontuak zer esana eman du. Izan ere, gero eta zailagoa da antzematen fakturak tarteko direla ordaintzen ari garena, zer den kontsumitutakoagatik ordaintzen ari garena, zuzeneko eta zeharkako zergen bidez gehitutakoa, bai eta bestelako gastuak, besteak beste, sasoian batean argindar konpainiek bideraturiko inbertsioak zelanbait konpentsatzeko berariaz asmatu zirenak ere. Kontuak kontu, herrialdeen artean argindarraren prezioan dauden aldeak izugarriak dira eta inork gutxik azaltzen ditu horretarako leudekeen arrazoiak. Areago, badirudi Espainian inork ez diela mugarik jarri nahi argindar konpainiei, gaiak herritarren poltsikoak husten, askotariko enpresen jardunbidean gaingastuak sorrarazten eta argindar konpainiak aberasten dituen bitartean. Bistan dagoenez, komeni da gai hau sakon azter-tzea eta zuzentzeko neurriak hartzea ere bai!

Argindarraren kontuak badauka, ustez, aurreratuak diren herrialdeetako garapen ereduarekin eta klima aldaketari aurre egiteko hartu beharreko neurriekin zerikusia. Ameriketako Estatu Batuetako Los Angeles hiriko batez besteko kontsumoa eta Indiako hiri batean gertatzen dena alderatzen baditugu, konturatuko gara lehenengoa ezin izan daitekeela inoren-tzat eredugarri, ez eta jasangarri ere... Horretxegatik, klimaren aldaketari aurre egiteko neurri eragingarririk ez da hartu nahi, horrek, gehien kontsumitzen duten eta iraganean gehien kutsatu duten lurraldeetako herritarrei eragingo dielako, haien bizimodua baldintzatuz. Klima aldaketari aurre egin ahal izateko, besteak beste, herritarren kontsumo-ohituretan eta lurraldeak hazteko ereduan eraldaketa sakonak egin behar dira, bestela boluntarismoan murgiltzen ari gara.

Boluntarismoa baita egungo kontsumo parametroei eutsiz, energia berriztagarrien bidez munduaren gaurko zein biharko energia beharrizanak asebete daitezkeela azpimarratzea. Zer egin beharko litzateke aberatsenen isurketak murrizteko? Eta aberats izatera iritsi nahi dutenen garapena ahalbidetzeko? Bada, neure ustez, askotariko neurriak aldi berean hartu behar dira: elikagaiak ekoiztearen, mugikortasunaren, industrien, trantsizio energetikoaren, erregai fosilen eta gehien kon-tsumitzen dutenei zergak gehi-tzearen inguruabarrean.

Aldi berean, ekosistemak zain-tzeko eta lehengoratzeko ahaleginak biderkatu beharko genituzke, azpiegitura berriez lursail gehiago erabiltzeko joerari mugak ezarriz, sasoi batean erabilitakoak berrerabiliz, honda-tzen joan direnak berreskura-tzeko politikak indartuz eta kutsatzeko jokabide oro jazarriz eta zigortuz. Herritarrak, askotariko erakundeak zein enpresak bihurtu behar dira gu bizi garen eta altzoan hartu gaituen eremu hau berreskuratzearen eragile aktibo eta proaktibo... gure jarduerek ondorioak dituztela eta konpontzea edo zelanbait onbideratzea gutariko bakoitzari dagokiola onartuz.