Izurriteak erakutsi digu ez dagoela aurrera egiterik nork bere apetei, interes berekiei begiratuz gero. Horrela, txertoaren kontua hedatu bitartean, segitu beharko dugu geure burua zaintzen, osasun-agintarien jarraibideak betez. Aldi berean, txertoaren inguruan mesfidati azaltzen direnekiko pedagogia soziala erabili beharko da, horrek dakartzan onurak azaltzeko eta, gaixotasunei hesia jartzeko, guztion kolaborazioa behar dela azpimarratzeko. Izan ere, mundu aurreratua deitzen den honetan, hainbat gaixotasun indargabetu dira txertoei esker eta, txerto horien beharra auzitan jartzen duten gutxi horiek, jakin beharko lukete gehiengoak eginiko ahaleginagatik ez dituztela gaixotasun horiek harrapatzen, ez guztiz ahaldunak direlako. Ez hori bakarrik! Gaixotasunak toki aberatsetatik pobreetara, eta alderantziz, egin baitezake jauzi, horrexegatik, denoi komeni zaigu txertoaren kontua albait eskuragarrien jartzea, baita bitartekoak ez dituztenentzat ere.

Izurriteak zein txikiak garen agerian laga badu, txertoak, elkarrekin lan eginez gero, ezagutza partekatuz gero, zailtasunei aurre egiteko gauza garela erakutsi digu... Eta horixe da jorratu beharreko bidea, izurrite honi aurre egiteko mementoan lurralde aberatsetan zein pobreetan, bai eta espezie gisa ditugun erronka nagusiei heltzeko unean ere: gainpopulazioa, baliabideen gehiegizko ustiatzea, elikagaien eskasia, naturaren hondatzea eta abar. Klima-aldaketari eta gertaera horrek ekarri duen habitaten andeatze eta hondatzeari, lankidetza areagotuz, mundu mailako erakundeak indartuz egin diezaiekegu aurre, jai daukagu, bestela! Ezer gutxirako balio baitu ekonomia berdeaz hitz egitea, gure hondakinak beste lurralde batzuetara eramaten baditugu, birlandatzen ez ditugun basoak eta oihanak botatzen baditugu, itsasoa plastikoz betetzen segitzen badugu eta abar.

Orain arteko normaltasunera itzultzeaz baino, eredu jakin bateranzko urratsak egiteaz ari gara, mundu mailan oreka berria bilatzeaz, klima aldaketari, gaixotasunei eta abar era bateratuan erantzunez, ezagutza partekatuz, ezagutzaren transferentzia eginez, garapen orekatua bilatuz nonahi, guztion ongizate eta garapenean inbertitzeak gure ongizatean ere inbertitzea dakarrelako.