Kontua da bestetzuekin horren zorrotz azaltzen direnek, hemeroteka selektiboa duten hedabide jakin batzuetako kazetariek barne, ez dutela neurgailu bera erabiltzen eta erraz ahazten dituztela iraganeko kontuak, bereziki, komeni zaizkienean. Horraino iritsi da autokonplazentzia eta sektore politiko batek bere jarduna balioesteko orduan, erakusten duen epeltasunak... Eta norabide berean, sindikatu jakin batzuen jarrera, Madrilgoaz edota Nafarroakoaz txintik esatera iritsi ez, baina Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen eztabaidaren atarian, Sorturen jarrera itsua babesten ari direnak. Madrilgo kontuak direla eta, esaten denari kontrakarra eginez, erabakigarria ez da EH Bildu, ERC alderdia baizik. Izan ere, otsailean, Katalunian hauteskundeak izango direnez gero, abertzaleen arteko konponezina bestelako aliantza bat hezurmamituz ordezkatu nahi da eta. Ez da oraingo kontua, lehenago, ERC eta enparauek Maragall egin baitzuten Generalitateko president. Orain, berriz, abertzaleen arteko norgehiagoka horretan, ERC alderdiaren hautagaia babestea da kontua, horretarako giroa sorraraziz. Ikuskizun dago ibilbide horrek zein emaitza emango duen, baina Hego Euskal Herrian jazotzen ari direnekiko antzekotasunak baditu. EH Bildu Madrilen eta Nafarroan uso, EAEn, berriz, otso ari baita! Madrilen eta Nafarroan denak dira erraztasunak; hemen, ostera, denak zailtasun!

Eta hori ulertu ahal izateko, hegemoniaren kontuari egin behar diogu kasu. EH Bilduk hazi nahi du, eta hazteko Euskadiko Ahal Dugu are gehiago ahuldu behar du, irenstera, ezabatzera iristeraino. Bidenabar, sozialistekiko harremanak ere onbideratu behar ditu, etorkizunean, bestelako lankidetza bati heldu ahal izateko, iraganetik datorkion patina txapa eta pintura berriz apaindu ahal izateko... EH Bilduren arazoa, ostera, bada proiekturik ez daukala, askotariko herritarrak biltzeko egitasmorik ez daukala, bereiz lagata, barne aniztasuna kudeatzeko EH Bilduren korronte nagusiak daukan ezintasun endemikoa. Une honetan, bere estrategiaren ardatza zailtasunez balia-tzea eta kontrako jarrerak astintzea da, erantzukizun oro gainetik astinduz... arazoei etengabe izkin eginez.